Harrera beroa egin die Usurbilgo herriak Olentzero eta Mari Domingini. Eta bueltan haien eskerrak jaso dituzte usurbildarrek, Kalezartik abiatu ostean, Dema plazan amaitu den kalejira borobildu duen ekitaldian. Nahi zuten guztiek ezin izan dute plazara joan. Herritar ugari direlako, koronabirusagatik etxean konfinatuak daudenak. "Etxean atera ezinik geratu direnak konfinatuta dauden haurrak oso gogoan ditugu. Azkar sendatzea nahi genuke, kalera atera eta elkar ikustea", desio diete haiei guztiei Olentzerok eta Mari Domingik. "Gaitz zikin honek halako trastornoak ekarri dizkigu", gaineratu du ikazkinak Dema plazako ekitaldian.
Bertaratu direnak nahiz etxetik atera ezinik direnak, batzuentzat zein besteentzat mezua; "haurrak prestatu gutunak Olentzero zain dago eta". Bai Olentzerok eta Mari Domingik harrera egitera joandakoak eta antolatzaileak eskertu dituzte. Modu berezian Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak eginiko ahalegina goraipatu dute.
Poza agertu dute eta oraindik bizi dugun osasun krisialdia tarteko, Olentzeroren gomendioa; "kontuz, badakizue nola ibili behar dugun orain".
Zumarteko abesbatzak kantuz girotu du ekitaldia. Plazara joandakoak "Hator hator" abestuz amaitu dute saioa. Eta gaztain janarekin. Usurbilgo gaztaingileak plazara itzuli baitira gaurkoan.