Hurbilago San Silbestre lasterketa, bertan behera

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 27a, 13:20

Antolakuntzak ohartarazi berri duenez, jende pilaketak saihestu eta prebentzio neurri gisa, bertan behera uztea erabaki du abenduaren 31n ospatzekoa zen Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa.

Osasun krisialdiaren eraginak etenik ez du. Ezinbestean, bizi dugun egoera tarteko, Hurbilago Elkartetik ohartarazi berri dutenez, bertan behera geratu da abenduaren 31rako prestatzen ari miren Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa. Pena handiz hartu dutela erabakia berri eman diote NOAUA!ri, baina era berean ezinbestean, jende pilaketak saihestu eta koronabirusaren transmisioa nabarmen hazi den asteotan, prebentzio neurri gisara.

2022. urtera arte itxaron beharko dugu beraz, urtea herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde korrika eginez agurtzeko. Pandemiak bigarren urtez segidan eragotzi du belaunaldi ezberdinetako herritar anitzen parte hartzea erabartzen zuen hitzordua ospatzea.

Arratsaldeko 17:00etan abiatzekoa zen frontoitik, eta 2019ra arte ospatu izan ziren edizioen antzera, oraingo honetan ere Kaxkoa bitan inguratzekoa zen lasterketa; Zubiaurrenea kalea, Kale Nagusia, Etxebeste, San Inazio kalea, Puntapax eta Bordaberri kaleak... Hasitako lekuan pilotalekuan bertan amaitzeko.

Zozketa
Hurbilagok sari hainbaten zozketa iragarria zuen baita parte hartzaileen artean. Sari berezi bat ere bai Hurbilagok mozorrotzen direnen artean banatu asmo zuena. 

Hurbilagok "Argiztatu Herria" kanpainaren bueltan hainbat ekimen antolatu ditu asteotarako; iragan astean Olentzeroren etorrera eta haurrei zuzenduriko parkea frontoian. Egun hauei begira, bertan behera utzi berri duten abenduaren 31ko lasterketarekin batera martxan segitzen du Gabonetako Zozketak. Hurbilagoren dendetan erosketak egitearen truke, 30 euroko 30 erosketa bonuen zozketan parte hartzeko aukera eskaintzen segiko dute urtarrilaren 9ra arte.