#udalbatzarra

Zapategiko eremua garatzeko hirigintza hitzarmena, behin betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 27a, 12:05
Hirigintza hitzarmen hau adostu duten eragileek irailean Zumarte Musika Eskolan egin zuten agerraldiko irudia.

Zapategiko lur eremua garatzea ahalbidetuko duen hirigintza hitzarmena behin betiko aho batez onartu zuten abenduaren 23ko udalbatzarrean. 

Hasieraz onartu zuten iraila amaieran. Finkatua zuten epearen baitan gerora inork ez du alegaziorik aurkeztu eta honenbestez berriz udalbatzarrera bueltan etorri zen gaia, iragan abenduaren 23an. Behin betiko eta aho batez onartu zuten udal ordezkariek iragan osteguneko ezohiko osoko bilkuran, "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-78 (Zapategi) eremuko hirigintza ezaugarrien Aldaketa Puntuala sustatzeko Michelin España y Portugal, S.A., Gureak Lanean S.A., Balfer Norte S.L. eta Usurbilgo Udalaren artean izenpetu beharreko Hirigintza Hitzarmena behin betiko izaera ontzat ematea". Era berean udalbatzak aho batez onartu zuen "alkateari ahalmena ematea Udalaren izenean hitzarmen hau izenpetzeko, hitzarmena behin betiko onartutzat jo ostean". 

Aurrekoaren ordezkoa
Hirigintza hitzarmen honi buruzko xehetasunak irailean aurkeztu zituzten sustatzaileek agerraldi bidez. Hirigintza hitzarmen berriak duela hiru urtekoa, 2018ko urrian Elkar, Michelin, Gureak eta Udalak sinaturikoa ordezkatuko du. Gogoan izan, covid19ak mundua kolpatu zuela iaz, baita beste alorren artean, euskal kulturgintza ere, tartean Elkar. Zapategira ekartzekoa zuen egoitza, baina ezohiko testuinguru zailak inbertsio txikiagoa egitera behartu eta lantegia Adunan kokatzea erabaki zuten. 

"Eremu degradatua berrerabiltzeko apustua"
"Kinka larrian" jarri zuen aldaketa honek Michelin ondoko eremuko proiektua. Lankidetzari esker ordea, alkateak iraila amaierako udalbatzarrean zioenez, "urtebeteko epean eta garai ziurgabe honetan, gai izan gara proiektu industrial honi eusteko". Gureak-en "ahalegin itzelari" esker, bidelagun berria aurkitu dute; Andoaingo Illarramendi industriagunea garatzeaz arduratzen ari den Balfer inbertsorea. 

115.000 metro karratuko azaleran, batetik Michelinek 70.000 metro karratuko eremua hartuko du bere jarduna finkatzeko, eta gainerako ia 50.000 metro karratuetan kokatuko dira Gureak eta Balfer inbertsoreak erakarri dezakeen enpresa(k). Erabilera industrialerako gune honetan, kontuan hartu nahi izan dute, pertsonen joan etorrirako eremua izatea, genero nahiz irisgarritasun ikuspegiak txertatu dituzte, baliabide naturalak balorean jarri nahi dituzte. "Proiektu hau, eremu degradatua berrerabiltzeko apustua" izango da.

Hirigintza hitzarmen hau Usurbilgo herriarentzat diru-iturri garrantzitsua izango da; %15a Udalak eskudirutan jasoko duela berri eman dute ostegun honetako udalbatzarrean, 862.000 euro guztira. Proiektuaren onurak haratago doaz, 700 lanpostu (gehienak lekuz aldaturikoak) erakarriko baitituzte Zapategi eremura.

2023. urte hasieran eraikitze lanen baimena emateko moduan egotea aurreikusten dute. Ordura arte, egitasmo honen garapenerako kronograma bat finkatua dute. "Presa du, ezin dugu denbora gehiago galdu", zioen alkateak udalbatzar hartan.