Udalerritik ezin sartu, udalerritik ezin atera geratu ginen urte hasieran. Osasun krisialdiak herrian konfinatu gintuen urtarrilaren 25ean 269,50eko intzidentziarekin. Herritik kanpoko mugikortasuna justifikatzeko agiria beharrezko bilakatu zuten berriz.
Osasun krisialdiak herri bizitzaren "agenda" ere aztoratzen segi zuen. Sarek urtero urtarrila hasieran deitu ohi duen Bilboko manifestazioaren ordez, mobilizazioak herrietara zabaltzea erabaki zuen. Usurbilen manifestazioa egin zuten hilaren 9an. Erregeek kabalgataren ibilbidea alderantziz osatu zuten; Olarriondon hasi eta Urdaiagan amaitu zuten, geldialdirik egin gabe. Urtarrileko azken igandean ospatzekoa zen Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" probaren hamargarren edizioa, baina osasun krisialdia tarteko 2022. urtera atzeratzea erabaki zuen antolakuntzak. Euskal Herriko Mus Txapelketa ere bertan behera utzi zuten, baita Usurbilen eta Aginagan ospatu izan ohi diren kanporaketa saioak. Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko kirolarien batzarra bai, ospatu zuten Sutegin.
Argia Sariak ez ziren Atxegan banatu, online bidez baizik. Ohiko moduan ospatu ezin izan zuten Donostia Egunari keinua eginez, danborrada txiki bat antolatu zuten ikastola barruan. Txotx denboraldiaren hasiera otsailera atzeratu zuten, berrikuntzekin; sagardoa txotxetik mahaia zerbitzatuko zela iragarri zuten.
Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen agurra
Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga espetxetik 2020ko azaroan baldintzapean irten ostean, 47 urteetan lehen aldiz, errepresaliatu politikorik gabeko udalerrian bilakatu zen Usurbil urte amaieran. 2021ari lekuko aldaketa bat irudikatuz ekin zioten bi herri eragileek: bere ibilbidea amaitutzat eman zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eta estreinakoz Sare hasi zen deitzen hileroko azken ostiraletako mobilizazioak, estreinakoa urtarrilaren 29an izan zen.
Udal egitasmoak
"Berdintasunean zaindu" izenburupean, egitasmo ziklo bat iragarri zuen Usurbilgo Udalak urteko lehen hilabeteetarako; Mundualdia, "nola zaindu" parte hartze prozesua, Emakumeen Etxeari lotutako prozesuaren amaiera...
Elkar-ek Zapategiko lur-eremura ezingo zuela etorri iragarri zuen, pandemiak eragindako krisialdi sozioekonomikoagatik. Ostalaritza ere kolpatu du pandemia honek; sektoreko negozioei zuzenduriko laguntza lerro berria zabaldu zuen Udalak.
Sutea erraustegian
Ingurumen larrialdia salatzeko Larreko Mahaiko eragileek antolatutako "Aldaketaldia" zikloaren baitan usurbildarrak partaide izan zituen hainbat ekimen antolatu zituzten; Usurbilgo kutsadura-fokuei buruzko hitzaldia edota "Osasuna, ingurumena, justizia" aldarripean GuraSOSek Donostian deitutako giza-katea. Bitartean, sutea izan zen erraustegian. GuraSOSek Zubietako tratamendu plantaren berehalako itxiera eskatu zuen.
2021eko urtarrileko argitalpenak
Herrira begira 36: "Andatzako errotarriak"
Urtarrilaren 8a, 849. zenbakia
Urtarrilaren 15a, 850. zenbakia
Urtarrilaren 22a, 851. zenbakia
Urtarrilaren 29a, 852. zenbakia