Usurbil eremu gorrian sartzearekin batera (hala egon zen otsaileko lehen hamabostaldian) ostalaritza jomugan izan zuten berriz. Hirugarren itxialdia pairatu behar izan zuten baina gutxirako, ostalarien elkarteek itxieraren aurkako helegitea aurkeztu eta Euskadiko Auzitegi Gorenak onartu egin baitzuen. Berehala establezimenduok berriz irekitzeko aukera izan zuten. "Pandemia tabernan" izeneko web saioa ere estreinatu zuten. Herriko sortzaileek eginiko lana, pandemia garaiko taberna giroari eta prebentzio neurriei buruzkoa.
Anbulantzietako langileak ere haserre agertu zitzaizkigun, pandemia hasieratik baztertuta, bigarren mailakoak balira bezala tratatuak sentitzen direla adierazi zioten NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan. Osasun krisialdiak aukera berriak proposatzea sustatu izanaren adibidea dugu bestalde, otsailean Usurbilgo Udalak adinekoei zuzenduta teknologia berrietan trebatzeko iragarri zituen ikastaroak.
Ospakizun gutxi
"Erradikalak ginen" emanaldia edota Amebaren "Elikatuz" estreinako lanaren aurkezpen kontzertuak osatu zuten hilabete honetako kultur agenda mugatua. Santa Ageda bezperako ekitaldi xumea ospatu ahal izan zuen ikastolak. Ez ordea hilabete honetako jaialdi nagusia, inauteriak. Halere mozorrotu zen bat baino gehiago, tartean kalejiran ibili zen ttuntturro taldea.
Oriaren Jaitsiera ere hilabetez, martxora arte atzeratu behar izan zuten. Kirol albisteei dagokienean, gainerakoan, NOAUA!-k 400 metroko distantzian Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketa irabazi berri zituen Itoitz Rodriguez korrikalaria elkarrizketatu zuen. Otsaila erdialdera eremu gorritik irten eta Eskola Kirola eta Zirimara berriz martxan jartzeko aukera izan zuten sustatzaileek.
Auzolanean
Ingurumen gaiei dagokienean, energiaren udal-bulegoa zabaldu eta ontzi arinak eta papera biltzeko poltsak banatzen hasi zen Usurbilgo Udala etxez etxe. Udalak Ucini emisio-partikulak etengabe neurtzeko eskatu zion. Banda zabala landa eremu osora zabaltzeko urrats berria eman zuen, tren geltokia berritzeko proiektua berridazketa prozesu betean zela jakinaraztearekin batera.
Aginagan izan zen baita NOAUA!, bertako Jai Batzordeko kideak elkarrizketatzen, urrian inauguratuko zuten Eliza Zaharra eraberritzeko auzolanean ari ziren artean. Usurbil 1936 elkarteak bestalde, 1936ko gerrari buruz ikertzen segitzeko boluntarioak behar zituela jakinarazi zuen. Zetorren udari begira jaiekin zer egin argitzeko bilera deitu zuen Udalak.
2021eko otsaileko argitalpenak
Otsailaren 5a, 853. zenbakia
Otsailaren 12a, 854. zenbakia
Otsailaren 19a, 855. zenbakia
Otsailaren 26a, 856. zenbakia