2021ari gainbegiratua

Usurbil berriz perimetralki itxi arren, herri bizitzari eutsi zitzaion apirilean

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 28a, 08:55

Herritik atera ezinik geratu ginen berriz, berriz itxiera perimetrala ezarri ostean. Halere, herri barruko bizitzari eutsi zitzaion apirilean.

Eta apirilarekin, udaberriko oporraldia nola edo ahala igaro eta herria berriz itxi ziguten. Eremu gorrira itzuli zen Usurbil 443,88ko koronabirusaren intzidentziarekin, baina hilabete amaieran berriz herrira ezin sartu, eta ezin atera geratu ginen, ohiko salbuespenezko egoeratarako ez bazen beti ere (lana, ikasketak...). Itxiera perimetrala ezarri zioten udalerri honi, bilkurak eta establezimenduen irekiera ordutegiak murriztearekin batera.

Maiatzera begirako bi hitzordu ere bertan behera geratu zirela iragarri zuten. Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeak, osasun krisialdia tarteko, bigarrenez Sagardo Egunik ez antolatzea erabaki zuen; bigarrenez, etxe giroan ospatzeko deia egin zuten. Andatza Egunik ez ezta, ibilaldi gidatua iragarri zuten maiatzeko lehen iganderako.

Dantzari eta musikariak hizpide
Halere, murrizketak murrizketa, herri barruko bizitzari eutsi aha izan zitzaion. Dantzariak plazara itzuli ziren; covid19-ak 2020ko edizioa etenarazi ostean, osasun krisialdira egokitutako Dantza Eguna ospatu zuen Orbeldik apirilaren 24an; Tranpaldo Irekia edota dantzarien "Zorotan Bele" ikuskizunarekin. Herriko musika taldeek ere zeresanik eman ziguten. Rukulak Sutegin jo zuen, Floxbin taldeak abesti berria sareratu zuen eta Natalik izena aldatu zion taldeari, Neona da ordutik. Berri Txarrak taldekoen agur birako "Dardara" ikus-entzunezkoa proiektatu zuen NOAUA! K.E.-k Sutegin, emanaldi bikoitz arrakastatsua.  Herriko sortzaileekin jarraituz, Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre "Geuretik Sortuak" Udalbiltzaren beka deialdirako hautatu zituzten.

Elhuyarrek eta Udalak "Elhuyar Solasaldiak" hitzaldi ziklo interesgarriari ekin zioten: covid19a, zaintza-eredua, pentsamendu kritikoa, ekonomiaren berreraikuntza eta "adimen artifiziala hizkuntzan" gaiok izan zituzten hizpide, kasuan kasuko adituekin.

Euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko bi ikastaro ere antolatu ziren; bat oinarrizko klaseak jubilatuentzat, eta bestetik hitanoa indartzeko.

Euskal Herriko Itzuliko txirrindulariek ziztu bizian zeharkatu zuten Usurbill. 

Hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek 2020. urte amaieran Bilboko Euskalduna Jauregian salbuespenezko espetxe politikaren aurka adosturiko hitzarmenarekin bat egin zuten Usurbilgo EHBIlduk eta EAJ-k. Agiri bateratu bat kaleratu zuten.

Eta erraustegia ere hizpide izan genuen. GHK "ikertu" egoeran zela berri eman zuen GuraSOSek, urtebete lehenago Arkaitzerrekan izandako hondamendiagatik. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak bestalde, Zubietako tratamendu planta honek eragindako kutsadura neurtzeko laginak hartu zituzten 2020an, urtebete lehenago bezala Toxicowatch fundazio holandarrarekin elkarlanean. Gai honen inguruko aurkezpen ekitaldia antolatu zuen Sutegin.

2021eko apirileko argitalpenak
Herrira Begira 38: trenbidea
Apirilaren 16a, 861. alea
Apirilaren 23a, 862. alea
Apirilaren 30a, 863. alea