Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bi emanaldiak aurreikusi moduan eskainiko dira

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 29a, 07:14

Eusko Jaurlaritzak iragarri eta asteazken honetan bertan indarrean jarriko dituen neurri murriztaile berriek ez dituzte aldaraziko Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Kuikui" ikuskizun berria eskaintzeko NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolatuak dituzten bi emanaldiak.

Aldaketarik ez eta aurreikusi moduan eskainiko dira NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak asteazken honetako, abenduaren 29rako antolaturiko Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Kuikui" ikuskizunaren bi emanaldiak Oiardo Kiroldegian. Lehenengo saioa, arratsaldeko 16:00etan eta bigarrena 18:30etan. Emanaldi baterako zein besterako sarrerak agortuak daude.

Aipatu moduan, covid19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak astearte honetan iragarritako dekretu berria jarriko dute indarrean asteazken honetan bertan, abenduaren 29an, pailazoen emanaldi egunean hain zuzen. Baina dekretuan iragarritako neurriek ez diete eragingo ikuskizunari. Izatekotan edukieran iragarri duten murrizketak eragin zezakeen, baina ez. Azaroaz geroztik, Usurbilgo Udalak prebentzio neurri gisara, murriztua zuen udal instalakuntzetako edukiera %60ra eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bi emanaldiok ere arau hau kontuan izanda antolatu dira. Jaurlaritzaren dekretuak hain zuzen %60an finkatzen du ekitaldi hau ospatu ahal izateko gehieneko edukiera.

"Aurtengoan Euskararen gaiari eutsi nahi izan diogu pailazook beste behin, Aitorren eta Mariren hizkuntza zaharrari arnas bideak topatze aldera. Orduan, txoriak ginela amestu genuen, eta munduari Kuikui esan genion. Batzuk kuku, besteek piui, kerrek.... eta beleak KRAAAA!... Guk, ordea, kuikui, Marimototsek erakutsita. Izan ere, amalurra txoriek bezala ikusten eta begiratzen lagunduko baitigu Pirritxi eta Porrotxi. Ikusiko ditugu plastikoz betetako itsasoak, Txo Mikmak txikiaren, balearen eta urpean hegan dabilen  pinguinoaren begietatik. Ikusiko dugu Tider migrantea, Afrikatik Baionara iritsi nahi, baina Txilipitok debekatzen diona, gauez hegan egiten duen Ontzak lagunduta bere helburuan saiatuko dena. Eta ikusiko ditugu Ilargi baserritarra eta Margarita Oiloa, saltoka hegan egiten duena. Honek arrautza berezia errun du koloretakoa. Eta jaioko da txitakolorea, Kuikui, munduari kolorea eta adorea emango diona. Eta guk ere, Kuikui txorrotxio egingo diogu munduari, geuretik, euskaratik eta euskaraz, munduko txorrotxioen sinfonian... Kui Kuikui!".

Hortxe Pirritx, Porrotx eta Marimototsek hilabeteotan ondu duen ikuskizun berriaren aurrerapena. Urte luzez egin duten moduan, bueltan izango ditugu Usurbilen. Abenduaren 29an bi emanaldi eskainiko dituzte arratsalde partean, 16:00etan eta 18:30etan Oiardo Kiroldegian.