2021ari gainbegiratua

Gregorio Arbeloa zendu zen, eremu gorrira itzuli ginen ospakizun gutxiko abuztuan

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 29a, 08:09

Udako oporraldi betean, abuztuan ez genuen urtero moduan aldizkaririk argitaratu baina ez albiste faltarik zegoelako.

Koronabirusaren intzidentziak mugimendu bizian segi zuen hilabete honetan ere. Aurreko udan baino intzidentzia altuagoa izan genuen abuztu honetan, eremu horitik laranjara, laranjatik horira, gora eta behera ibili zen udalerri hau. Eremu gorritik libre zen udalerri bakarra izan genuen Gipuzkoa osoan, 400etik beherako intzidentziarekin. Hilabete amaierara arte, une horretan eremu gorrira igaro zen baita udalerri hau. Eta egunotan zabaldu zen oharrak ere arreta jarri beharra eskatu zuen; tigre eltxoa agertu baitzen Donostiako hainbat zonaldeetan, eta baita hemen hurbil, Zubieta inguruan ere.

Testuinguru honetan, hilabete honetarako iragarriak zeuden festak aurreko udako formatu berean ospatu ziren; bai abuztu hasierako Urdaiagako Xanistebanak, baita hilabete amaierako Atxegaldeko jaiak ere. Biak ala biak, haur nahiz helduei zuzendutako ekintza sortarekin, baina edukiera mugatuan, eta eserita ikusi eta entzuteko hitzorduekin. Baba beltz txikiaren kofradiakoak ere hutsik egin gabe egin zuten urteroko bilkura abuztuko azken ostegunean Saizar sagardotegian.

Kultur arloan izen propio bat; Gregorio Arbeloa margolaria zendu zen 80 urterekin. Margolari kostunbrista, landa eremu nahiz hirigunea islatzea gustuko zuena. Tartean, Atarrabian (Nafarroa) sortu arren, urte luzez bizilekua izan zuen inguru hau. NOAUA! K.E.-k argitaraturiko 2022ko egutegia berari eskaini dio.

Nahia Zudaire Borrezo, podiuma zapaltzear
Asteotan ospatu ziren baita, osasun krisialdiagatik iazko antolatuak zeuden arren, urtebete atzeratu behar izan zituzten Tokioko Olinpiar Jokoak. Eta albiste izan genituen; batetik, abuztu amaieran ospaturiko Paraolinpiar Jokoetan parte hartu eta podiuma zapaltzear egon zen Nahia Zudaire Borrezo igerilari zubietarra. Laugarren postuan sailkatu zen, munduko onenen artean.

Lehenago, Maialen Chourraut lasartearrak zilarrezko domina eskuratu zuen. Eta zeresana eman zuen bere izena jarri nahi dioten proiektu batek; Santuenetik hurbil, Orbeldi parean eraiki asmo duten ur bizien kanalak. Ika-mika bizia sortu zuen proiektua onartua zela zioen hedabide baten albisteak. Orbeldi parean eraiki asmo dagoen ur bizien kanalaren proiektuak "errioa ez diezagula ezkutatu" eskatu zuten ohar bidez Anerreka Ingurumen Elkarteak eta Eguzki talde ekologistak. Eta bide batez, oraindik bertan den "presa botatzea komeni zaio" errioari, gaineratu zuten.

Harridura agertu zuen Usurbilgo alkateak sare sozialen bidez, albistearen inguruan Udalarekin inor kontaktuak jarri ez zelako. "Errespetu instituzionala" eskatzearekin batera, "behin-betiko onarpena" emana ziola ukatuta, "proiektua egokitu behar da" gaineratu zuen.

Gertakarien alorrean, Tadamun elkargune internazionalistak Zubiaurrenea kalean kokatua zuen Palestinaren aldeko murala ezezagunek txikitu zutela salatu zuen. Nazioartera begiratzen segita, elikagai bilketa antolatu zuten abuztu amaieran Sutegi atarian, zapatisten ordezkaritza bat bizitzaren alde Europa mailako bira egitera zetorrela eta.