Laboaren Uztaila zikloaren itzulerarekin batera, osasun krisialdian egonda, arrakastatsua eta segurua suertatu zen iazko Kultur Biraren ereduari jarraipena eman zitzaion. Haur, gazte nahiz helduentzako jolas, olinpiada, giza proba, kontzertu eta dantza emanaldiak tartekatu ziren. Zubietak hartu zuen lekukoa hilabete amaierako bi asteburuetarako ohiko Santioen ordez iragarri zuen kultur eta kirol zikloarekin; bertso saioa, sokadantza, herri kirolen erakustaldia... Ezin ohiko jaiak ospatu baina alternatibarik aurkitu zuten zubietarrek.
Hausnarketarako, ezagutzarako leihoa zabaldu zuten berriz ere Udarregi Ikastolan, UEU-k, Jakin-ek eta Usurbilgo Udalak antolaturiko UEU-ren udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldien bidez. "Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada?" galderaren bueltan aditu eta aritu talde bat bildu zuten.
Autobus zerbitzu duinen alde
Garraio zerbitzuak ere hizpide izan genituen uztailean, Buruntzaldeko autobus zerbitzuek izen eta ordutegi berriak estreinatu baitzituzten, baina murrizketekin. Sinadura bilketari ekin zion herritar talde batek garraio zerbitzu duinak eskatzeko, bereziki ospitaleetarako linea berrezartzea galdegiteko. Herritarren kexa ugari jaso zituen Udalak gai honi buruzko mozioa onartu zuen. Erraustegiko langileak ere protestan, langileen batzordeak bi orduko lan uztea deitu zuen uztailaren lehenean.
Joan etorrien hilabetea izan zen uztaila; Mariaje Imaz urte luzez Udarregi Ikastolako irakasle eta zuzendari izandakoa agurtu zuten, bere ibilbide profesionala amaitu ostean. Itxaro Borda idazlea bisitan izan genuen, Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" beka deialdiaren baitan. Baita Buruntzaldeko neska gazteak ere; Udarregi Ikastolaren baitan antolatu zituzten udaleku feministen bueltan elkartu ziren.
Kirol albisteei dagokienez, Nahia Zudaire Borrezo igerilaria Tokioko Paraolinpiar Jokoetarako hautatu zuten; Zuazo eskubaloi taldeak Estitxu Berasategi Eizagirre fitxatu zuen. Gipuzkoako errebote txapelketa irabazi zuen Zubietak.
Ezbeharrak
Gertakarien alorrean, ezbehar bat baino gehiago. Hilabete hasieran beste istripu larri bat izan zen N-634 errepidean Aginagan, motorzale bat larri zauritu zen. Zoritxarreko amaiera izan zuen bestalde, hilda aurkitu baitzuten egun batzuk lehenago, Txokoalde eta Urdaiagatik hurbil mendian desagertu zen herritar bat. Egun horietan San Inazion kamioi bat irauli zen. Istripu ikusgarria izan arren, ez zen inor larriki zauritu. Handik gertu, egun gutxira baita, euskal presoen auziari konponbidea emateko Sarek Euskal Herri mailan antolaturiko bizikleta martxak Aginaga eta Usurbil zeharkatu zituen, N-634 errepidetik barrena.
Pandemian segi genuen uztailean, baina gutxiagotan izan genuen albiste koronabirusa, intzidentzia handirik gabe igaro baikenuen hilabetea Usurbilen. Gau partera begirako murrizketak ekarri zituen dekretu batzuk indarrean jarri zituen Eusko Jaurlaritzak asteotan.
25. urtemuga
NOAUA K.E.-ren 25. urtemugaren harira ekainean grabatutako bazkidetza sustatzeko "spot" bizia plazaratu genuen eta hilabeteotan zabaldu dugun "Kafe Garaia" ataleko gonbidatuen artean, Joxepo Artola DYAko presidenteordea, Malen Azpiazu Ameba musika taldeko kide eta Kafe Tertulia feministako kidea, Esther Arrojeria Bera Berako eskubaloi jokalaria eta erizaina eta Ibon Alberdi herriko apaiza izan genituen.
Osasun krisialdian egon arren, Udajolas ere antolatu ahal izan genuen ia 190 haur eta gaztetxoren parte hartzearekin. Ziortzak kanpaldia ere antolatu ahal izan zuen Errioxan.
2021eko uztaileko argitalpenak
Uztailaren 2a, 872. zenbakia
Uztailaren 9a, 873. zenbakia
Uztailaren 16a, 874. zenbakia
Uztailaren 23a, 875. zenbakia