Ikasturte amaierak etorkizunera begira jarri gintuen. Oinherri taldea eta egitasmoa aurkeztu zuten jendaurrean Sutegin, Zirimararen berri emateko ate irekien saioak ere antolatu ziren.
Zumartek ikasturte bukaerako kontzertu zikloa berreskuratu zuen, Udaberri Astea Zubietako Eskolak. Legealdi erdira helduta, Zubietako Herri Batzarrean alkatea aldatu zuten; Usurbil aldeko alkate Haritz Arrizabalagaren lekukoa hartu zuen Donostialdeko Jon Arroyok. Zubietan sorturiko musikari ezagun bat ere saritu zuten; Adarra Saria jaso zuen Amaia Zubiria abeslariak Donostiako Udalaren eskutik. Bestelako albisterik ere bai Zubietan; pandemiagatik Enrique Abril Errebote Txapelketa amaitu ezinik zebiltzanez bertan behera uztea erabaki zuten.
Bestelako kirol albiste gozorik utzi zigun ekainak; Usurbil Kirol Elkartearentzat bereziki. Senior neskek estatu mailako sektorean txapeldunorde amaitu zuten, kadete neskek Gipuzkoako txapeldun eta kadete mutilek hirugarren estatu mailako sektorean.
Auzoak ere protagonista izan genituen urteko seigarren hilabete honetan. Txokoalden, udal ekipamendu berritua inauguratu zuten; Txokoargi. Garai bateko Akerra gaztetxea, orain txokoaldetarren bilgunean bilakatua. Santueneako etorkizuna eraikitzen hasi ziren ekainean, irisgarritasun proiektuaren eta auzo planaren nondik norakoen aurkezpenarekin. Parte hartze prozesuari ekin zion baita memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbil 1936 elkarteak.
Kultur Bira zabalago eta luzeagoa
Usurbilgo Santixabeletako jai egunetara mugatu ordez, hilabete eta erdiko kultur zikloa iragarri zuten udalerrian zehar herri eragile anitzek Udalarekin batera; iaz osasun krisialdiaren testuinguruan landutako eredu arrakastatsuari segita, Kultur Biraren bigarren edizioa abiarazi zuten. Oraingoan auzoetako jai batzordeak batu ziren, kulturgintza bira betean jartzen lehenengoa Kalezarren izan ziren. Surik gabeko San Juan egokituak ospatu zituzten.
Gertakarien arloan, motorzale bat hil zen istripuz Aginagan. Bestalde URA-k eta Añarbek Aginagako saneamendua egitea adostu zuten. Ingurumen gaiekin segita, Ucinek udalaren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu zuen. Industria jarduerek Usurbilgo aire kalitatean izan dezaketen eragina aztertu zuen Udalak zenbait aditurekin garai beretsuan Sutegin. Udalak bestalde, tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzeko bigarren plana abiarazi zuen.
Errepresaliatu politikorik gabeko herria
47 urtez lehen aldiz, Usurbil errepresaliatu politikorik gabeko udalerrian bilakatu zen. Azaroan baldintzapean aske geratu ostean, ezarri zieten zigorra osorik beteta, ekainaren 19an kendu zizkieten pultsera telematikoak Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarrei.
Pandemiari begira segi genuen. Neurriak arintze bidean dekretuak onartzen eta indarrean jartzen segi zuen Eusko Jaurlaritzak. Usurbilen intzidentzia baxua izan genuen ekainean, kasu berririk ia batere ez. Eremu berdean egotera heldu ginen zenbait egunez.
Amaitzeko urtemuga berezi bat. NOAUA! K.E.-k 25 urte beteta, hainbat ekimen berezi jarri zituen martxan, tartean herritar ezberdinekin solasaldi zikloa, "Kafe Garaia". Estreinaldira, Olatz Altuna Zumeta, NOAUA!-ren lehen zuzendaria gonbidatu genuen.
2021eko ekaineko argitalpenak
Herrira begira 40
Ekainaren 4a, 868. zenbakia
Ekainaren 11, 869. zenbakia
Ekainaren 18a, 870. zenbakia
Ekainaren 25a, 871. zenbakia