Eremu gorrian eta herritik irten ezinik ginela ekin genion maiatzari. 760rainoko intzidentzia izatera heldu ginen. Halere urriaz geroztik indarrean izandako estatu alarma egoera bertan behera utzi zuten, eta beraz, maiatzaren 9ko gauerditik aurrera bertan behera geratu ziren etxeratzeko agindua, konfinamendu perimetralak edota 400etik gorako intzidentzia duten udalerrietan, tartean Usurbilen, ordura arte ostalaritzan edota kirol instalakuntzetan aplikaturiko hainbat neurri murriztaile.
Usurbilen ongi errotuak dauden hitzorduak ohiko moduan ospatu ezinik geratu ginen halere; ez maiatzeko lehen igandeko Andatza Eguna, nahiz ibilaldi gidatua antolatu zuten eta hainbat herritar ere bere kontutik igo ziren tontorrera. Ezta etxe giroan bizitzera gonbidatu gintuzten Sagardo Eguna ere. Bai aldiz Jexux Artze K.E.-ren udaberriko ekitaldiak.
Andatza Egunik ez, baina bertara txangoa egiteko beste arrazoirik egon zen ordea; Sarek iazko urrirako iragarri arren, azkenean maiatzaren bigarren larunbatera atzeratu behar izan zituen Euskal Herriko 650 tontorretara igotzeko mendi martxak. Usurbilgoa aipatu moduan Andatza egin zuten. Biharamunean beste martxa bat antolatu zuten, oraingo hau Anerreka Ingurumen Elkarteak, urtebete lehenago erraustegitik isuritako amoniakoren eraginez ehunka arrain eta aingira hilda agertu ziren hondamendi gunera, Zubietako Arkaitzerrekara. Arkaitzerreka bizirik eta erraustegia itxita nahi dutela aldarrikatu zuten. Astebete beranduago hondakin ugari zituen Aranarreka garbitzeko auzolanerako deia egin zuen. Eta auzolanean aritu zen baita Udarregi Ikastolako kanpo espazioa eraldatzeko sustapen taldea.
Pentsiodunen eta Palestinaren alde
Usurbildarrek babesa agertu zieten palestinarrei jasaten ari ziren erasoaldiaren aurrean, Tadamun elkargune internazionalistak deitutako elkarretaratzearekin. Babesa adierazi zieten baita, udalerri hau zeharkatu zuen Gipuzkoako pentsiodunen bizikleta martxari.
Garaipen gozoak
Txapeldunen hilabetea izan genuen maiatza. Miriam Arrillaga Belokik beste garaipen bat eskuratu zuen; Bizkaiko Torneoko txapelketa irabazi zuen hain zuzen. Esther Arrojeria eta Bera Bera eskubaloi taldea Ligako txapeldun izendatu zituzten zazpigarrenez. Gipuzkoako euskal pilota egokituko bederatzigarren txapelketako buruz buruko finala irabazi zuen Beñat Lizasok. Eta espainiar estatuko marka hautsita, zilarrezko domina eskuratu zuen Nahia Zudaire Borrezok Madeiran ospaturiko Europako igeriketa paraolinpiar txapelketan.
Gertakarien alorrean, beste bi istripu bi motorzalerekin N-634 errepidean.
2021eko maiatzeko argitalpenak
Herrira Begira 39
Maiatzaren 7a, 864. zenbakia
Maiatzaren 14a, 865. zenbakia
Maiatzaren 21a, 866. zenbakia
Maiatzaren 28a, 867. zenbakia