Koronabirusa

Osasun krisialdiaren eta dekretu berriaren harira, zenbait aldaketa kultur agendan eta Kiroldegian

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 29a, 13:45

Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri duen dekretu berriaren eta oro har, osasun krisialdiak asteotan bizi duen egoeraren eraginez, zenbait aldaketa izango dira datozen egunotako hitzorduetan. Iragarriak zeuden ekitaldi batzuk bertan behera geratu dira, beste batzuei eutsiko zaie eta egokitzapenak ere izango dira zenbait kasutan.

Osasun krisialdiak denon bizitza eta herrikoa ere baldintzatzen segitzen du. Egunotako egoera dugu horren adibide argia. Nabarmen hazi da covid19 kasu berrien kopurua eta Eusko Jaurlaritzak gainera, dekretu berri bat jarri du indarrean asteazken honetan, neurri murriztaile gehiagorekin. Testuinguru ezegonkor honek kultur agendan aurreikusiak zeuden hainbat hitzorduetan eragin du.

Abenduaren 31rako iragarriak zeuden bi hitzordu bertan behera geratu dira. Batetik, aste hasieran iragarri ziguten moduan, Hurbilago Elkarteak antolatua zuen San Silbestre Lasterketa atsekabe handiz baina ez ospatzea erabaki zuen, jende pilaketa saiheste aldera, azken asteotan izandako covid19 kasuen gorakadaren ostean. 

Dj gaua eta San Silbestrerik ez, Gabonetako Parkea bai
Eusko Jaurlaritzak gaur indarrean jarritako dekretuaren ondorioz bestalde, goizeko 1:00erako finkatu du denetariko jardueren amaiera ordua. Goizeko 1:00erako iragarri zuen abenduko kultur agenda bidez, urtezaharreko dj gaua. Udalak sare sozialen bidez jakinarazi berri duenez bertan behera utzi du hitzordua.

Aldiz, Udalak NOAUA! K.E.-rekin batera asteazken honetarako Oiardo Kiroldegian antolaturiko Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Kuikui" ikuskizun berriaren bi emanaldiak aurreikusi moduan ospatuko dira. Eusko Jaurlaritzak barrualdean ospatu beharreko ekitaldien edukiera %60ra murriztu du, baina Usurbilgo Udalak azaroaz geroztik edukiera ehuneko horretara mugatua zuen eta ikuskizun hau baldintza horretara egokitua zegoen antolaketa lanak abiarazi genituenetik. Udalak mantentzea erabaki duen beste hitzordua Gabonetako Haur Parkea da. Urtarrilaren 2tik 5era ospatuko da Kiroldegian, ordutegi honetan:
-Urtarrilak 2: 16:30-19:30.
-Urtarrilak 3, 4: 11:00-13:00/16:30-19:30.
-Urtarrilak 5: 11:00-13:00.

Txanda eskatzeko sistema martxan berriz
Kiroldegitik irten gabe, "bi aldaketa" iragarri ditu Usurbilgo Udalak instalakuntza hauetan. "Batetik, hitzordu bidezko sistema berreskuratzea erabaki dute, edukiera kontrolpean izateko modu bakarra delakoan. Astelehenetik, urtarrilaren 3tik, aurrera izango da hori, eta Internet bidez hartu beharko dute hitzorduaerabiltzaileek. Oraingo honetan, ordea, aldaketa bat izango da: igerilekuan zein gimnasioan egunean bina txanda hartzeko aukera emango dute. Horrez gain, dekretuak hala aginduta, aldagelen edukiera %50era jaitsiko da".