2021ari gainbegiratua

Memoria historikoa berreskuratzearen garrantziaz ohartarazi gintuzten iraileko ekitaldiek

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 30a, 09:56

Tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 85 urte bete zirela fusilatu usurbildarrak eta haien senideek merezitako aitortza jaso zuten. Aurkikuntza garrantzitsu baten lekuko izan ginen baita.

Iraganari begira hasi eta segi genuen iraila. Iraganak altxor ezkutu asko gordetzen dituelako eta iraganeko memoria ere berreskuratu beharrak duen garrantziaren lekuko, urteko bederatzigarren hilabete honetan izan genituen bi hitzordu. Batetik, aurkikuntza interesgarri baten berri eman zuen Usurbilgo Udalak; Usurbil-Zizurkil arteko mugak finkatu zituen 1389ko dokumentua aurkeztu zuten Orreagan, ‘Usurbilgo mugarriak eta Andatzako errotarri harrobiak’ ikerlanaren egileek eginiko aurkikuntza. 

Bestetik, tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 85 urte bete zirenean, herriko fusilatuak eta haien senideak gogoan hartu zituen "Izan zirelako gara" Usurbil 1936 elkarteak eta Udalak antolaturiko oroimen ekitaldi bereziak. "Lurpean utzi nahi duten egia azaleratzea dagokigu, ahanzturara kondena ez dezagun", zioten antolatzaileek omenaldi honen nondik norakoak aurkezteko eskaini zuten prentsaurrekoan. Zazpi ziren irailaren 18ko "Izan zinetelako gara" herri omenaldiko protagonistak; zazpiak usurbildarrak. Bidegabeki erahil zituztenak, duela 85 urte, tropa faxistak Usurbilen sartu ziren garaian. Kosme Yaguez, Joxe Galarmendi, Romana Zubiria, Joxe Mari Furundarena, Bautista Aginaga, Jose Heredero eta Patxi Aizpurua. Herriko sortzaileek musikaz, poesiaz jantzi zuten ekitaldia.

Aste haietan gainera, auzolanerako deia egin zuen Usurbil 1936 elkarteak;  fusilatu zituztenen aztarna berrien bila zebiltzan eta inork ekarpenik egiteko modurik bazuen horretara animatzen zuten, aztarna berrien inguruko xehetasunak eskaintzera. Bestalde, gudalekuak berreskuratzeko bolondresei parte hartzeko deia egin zitzaien.

Aranerreka ingurua edertzera
Ikasturte hasiera ere izan genuen iraila; bigarrenez iazkoaren tankerakoa, babes neurrien artean eta Udarregi Ikastolaren kasuan, Agerialdeko frontoia estalki eta guzti berrituta. Udalak herritarren artean bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko aukerak zabaldu eta hobetzeko ahaleginaren baitan kokatu zuen udal gobernu taldeak frontoi honen eraberrikuntza, baita Kiroldegiko harrera gunearen egokitze lanak, Haraneko harmailak, Oiardokoak...

Mobilizazioen atalean, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldi egunean, erraustegia geratzea eskatu zuten Donostiako hondartza hau inguratu zuen giza kateak. Ingurumen gaiekin segita, Aranerrekan isurketak izan ziren, ur zikinen hodi baten leherketak eraginda. Konponketa lanak bideratu zituen Udalak eta naturgune hau edertzera doazela iragarri zuten; naturgune zabal, eroso, atsegina egokitu asmo dute Puntapax kaletik gorako eremuan.

Zapategiko eremua garatzeko adostasuna
Usurbilgo Udalak gaikako bilketaren 2021eko lehen seihilekoari zegozkion datuak eguneratu zituen; hondakinen %86,59 birziklatzen da Usurbilen. Anerreka ingurumen elkarteak Usurbilgo komertzio eta industria guneetan biltzen den errefusaren karakterizazioa egin zuen jendaurrean plazan, errefus horretatik %33,4a birziklagarria dela ondorioztatu zuten. Zenbaki kontuekin segita, 2022rako ordenantza fiskalen hobariak nabarmen zabalduko zituztela iragarri zuen udal gobernu taldeak beste egitasmo handi batekin batera; Zapategiko proiektua garatzeko hirigintza hitzarmena adostu zutela berri eman zuten eta. Elkar egitasmotik irten ostean, bidelagun berria aurkitu zuten; Balfer inbertsorea. Gureak eta Michelinekin batera garatuko du Udalak Zapategiko eremua. Hitzarmena eta ordenantza fiskalen hobariak hasieraz onartu zituzten hilabete amaierako udalbatzarrean.

Aitortza Nahia Zudaire Borrezori
Amaiera pozgarria ekainean lapurtu zuten Aginagako moxalarentzat. Onik agertu eta itzuli zen aurrez zegoen lurretara. Beste itzulera bat, Tokiotik honakoa. Bertan ospaturiko olinpiar jokoetan parte hartu eta podiuma zapaltzear izan zen Nahia Zudaire Borrezo igerilaria omendu zuen Zubietako Herri Batzarrak eta herriak orohar, iraila amaieran.

Santueneak berezko jaiak ezin ospatu eta Kultur Birara batu zen, kontzertu, mus txapelketa edota haurrei zuzenduriko ekintzekin.

Ospitaleetarako bus zerbitzua berrezarrita
Garraio zerbitzuei dagokienean ere albiste hobeak; udan Buruntzaldeko autobus zerbitzuetan eginiko murrizketek eragindako kexen ostean, Usurbil ospitaleekin lotzen duen zerbitzua berrezarri uten.

Ia kasu berririk gabe, 10 besterik ez hilabete osoan, eremu gorrian hasi genuen iraila 570,70eko intzidentziarekin eta berdean amaitu 15,85ekoarekin.

NOAUA! K.E.-ren 25. urtemugaren harira irekitako "Kafe Garaia" tartera Idoia Torregarai kultur elkarte honetako lehendakaria eta UEUko komunikazio arduraduna, Jon Irazustabarrena Lizarralde futbol jokalari eta Zirimarako begiralea eta Ainhoa Azpirotz Eizmendi Hik Hasi-ko editorea gonbidatu genituen.

2021eko iraileko argitalpenak
Herrira Begira 41
Irailaren 10a, 876. zenbakia
Irailaren 17a, 877. zenbakia
Irailaren 24a, 878, zenbakia