Urtebete lehenagotik indarrean zen osasun-larrialdiko egoera bertan behera utzi zuten hilabete hasieran eta horrekin, covid19ari aurre egiteko neurri murriztaile gehienak. 15,85eko intzidentziarekin hasi genuen urria. Hilabetea eremu berdean igaro ostean, eremu horira igaro ginen urria agurtzear ginela, 79,26ko intzidentziarekin.
"Zumeta in memoriam"
Pandemiak lehenago egitea eragotzitako ekitaldiak berreskuratu eta beste hainbat ere antolatu ziren urteko hamargarren hilabete honetan. "Zumeta in memorian" herri omenaldia eskaini zitzaion, konfinamendu betean ginela zendu zen Jose Luis Zumeta margolari usurbildarrari.
Ekitaldien agenda indartu zen; "Gizonak maskulinitateen kaiolan?" eta "Satiro" antzezlana, Txokoalden bertso-ibilaldia Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariekin, Aginagan Magia Eguna, Zubietan Nerea Arriolaren bakarrizketa saioa, Sutegin Pelaxen kontzertua eta Amets Arzallusen "Miñan" liburuaren aurkezpen arrakastatsua "Udazkena Liburutegian" zikloari hasiera emanez, Buruntzaldeko Ibilbideen 13. Eguna.... Dema plazan herri kirolen alorrean ibilbide oparoa jorraturiko Txomin Alkorta Sarriegi herritarra omendu zuten, herritarrak partaide izan zituen "desafioaren" ostean.
"NOAUAFest" eta Eliza Zaharraren irekiera
Kultur Biran murgildu zen Aginaga eta ezin izan zioten hasiera egokiagorik eman; azken urteotan auzolanean eraberrituriko eta aginagarren bilgune izango den Eliza Zaharra inauguratu zuten.
NOAUA! K.E.-ren 25. urtemuga herriarekin ospatzeko NOAUA!Fest ekitaldi parte hartzaile berezia ospatu zuen frontoian mende laurden honetan bidelagun izan zituen hainbatekin. Albiste honi atxikitako argazkian duzue pilotalekuan batu zen koadrila. "Kafe Garaia" atalean, Aitor Aranguren Errasti maila profesionalean lehiatzen ari den pilotari aginagarra, Maialen Iñarra Arregi Soziolonguistika Klusterreko ikerlaria eta Usurbilgo Euskaraldia Batzordeko kidea, Ixak Arruti Aranburu musikari eta irakaslea, Joxerra Furundarena medikua eta Jexux Artze K.E.-ren sortzaileetako bat eta Julen Arteaga Iriondo Origami arkitektura taldeko kidea izan genituen gonbidatu gisa.
Txalapartarien bilgunea
Txalaparta eskola zabalduko zuela iragarri zuen Jexux Artze Kultur Elkarteak eta hika aritzeko gonbita luzatu ziguten euskara eragileek; “Hikaratu, beldurrik gabe!” aldarripean hitanoaren ezagutza eta erabilera sustatzeko ekintza sorta iragarri zuen Euskara Aholku Taldeak urte amaiera honetarako. Euskara gaiekin segita, geure ama-hizkuntza lehenesteko konpromisoa erdietsi zuten herriko bi finantza erakundeek, Udalak eta UEMA-k.
Adinekoentzat asteazkenero herrian barrena paseotxoak egitea ahalbidetzen zuen "Goazen Kalera" egitasmoa berreskuratu zuen Udalak, pandemiagatik 2020ko martxoan bertan behera utzi ostean. Euskara klaseak ere eskaintzen hasi zen Etumeta AEK euskaltegia Artzabalen. Artzabal hain zuzen, Bordatxorekin batera Gipuzkoako 7. Bakailaozko Pintxo Lehiaketan saritu zituzten.
Itzalaldia
Kalteei lotutako gertakariak; ezezagunek Urdaiagako komun publikoa eta Udarregi Ikastolako kanpo espazio taldeak auzolanean egokitutako espazioa ere kaltetu zuten.
Ilunpean geratu ginen urriaren 8an; ilunpean, argindarraren prezioaren "iruzur larria" salatzeko. ERC, EHBildu, BNG, Junts, CUP, Més Per Mallorca eta Més Menorca eragileek deitutako ordu erdiko itzalaldiarekin bat egin zuen Usurbilgo Udalak.
Udalak, Zumarte, DYA eta Odol emaileen elkarteekin zituen lankidetza hitzarmenak berritu zituen. Hilabete amaieran, "Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen" diagnosian oinarrituta, herritarren arteko elkarbizitzan sakondu nahi duen plana aurkeztu zuen Sutegin.
Zubieta Lantzen elkarteak eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Holandako ToxicoWatch fundazioarekin elkarlanean, Zubietako erraustegiaren kutsadura neurtzeko 2019an abiarazitako kontrol herritarrari segida eman zioten. Hirugarren lagin bilketa bideratu zuten.
2021eko urriko argitalpenak
Herrira Begira 42
Urriaren 1a, 879. zenbakia
Urriaren 8a, 880. zenbakia
Urriaren 15a, 881. zenbakia
Urriaren 22a, 882. zenbakia
Urriaren 29a, 883. zenbakia