2021ari gainbegiratua

Herri bizitza berreskuratzen zihoan Usurbil azaroan, pandemiaren joera aldatzen hasi zenean

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 30a, 09:37

Covid19 kasu berriak agertzen hasi ziren pixkanaka azaroan, euria ere hasi zuen. Ez zuen atertu eta uholdeak ere izan genituen gerora. Koronabirusaren transmisioak ere ez du goia jo ordutik. Artean herri bizitza oparoa izan zuen Usurbilek azaroan.

Urrian osasun larrialdi egoera indargabetu ostean, covid19 kasu berriak agertzen hasi ziren, lehenbizi tantaka, eta tanta hauek ugaritzen joan ziren azaroan zehar. Ordutik goranzko bidean baino ez dute segi. Azaroa 110,97ko intzidentziarekin eta eremu horian hasi eta 1.299,94ko intzidentziarekin eta eremu gorrian agurtu genuen.

Neurri prebentiboak indartzeko dekretu berria iragarri zuen Jaurlaritzak; prebentzio neurriak bete ezin baziren ekitaldiak bertan behera uztea eskatzen zuen dekretua hain zuzen. Usurbilgo Udalak prebentzio neurri gisa udal instalakuntzetako edukiera %60ra murriztea erabaki zuen. Lehen hitzorduak bertan behera uzten hasi ziren; Santa Zezili egunaren bueltakoak Zumartek, Marsel magoaren emanaldia Sutegi udal liburutegiak, Gazte Eguna atzeratzea erabaki zuen Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak. Horren ordez, mobilizatzea erabaki zuen "Oraina guria denk!" aldarripean.

Prezipitazioekin ere covid19 kasu berrien agerraldien antzeko zerbait gertatu zen. Hilabete erdialdiera euria egiten hasi eta abenduko bigarren asteburura arte ez zuen atertu; lehen uholde txikia izan genuen hilabete amaieran.

Kulturaldi oparoa
Testuinguru honetara, herri bizitza berreskuratze bidean gindoazela heldu ginen. Hilabetea estreinatzeko Artisau Azoka itzuli zen frontoira Aitzaga Elkartearen eskutik. Hurbilago Elkarteak garai bateko Erle Eguna ospatzen zen azaroko azken iganderako antolatua zuen Udazkeneko Azoka ospatu zuen, eguraldia eta covid19 kasuen gorakada tarteko, haurrei zuzenduta iragarria zuen jolastokirik gabe.

NOAUA! K.E.-k bere 25. urtemuga ospatzen segi zuen hilabete honetako bi astebururen bueltan ospatu zuen Kulturaldi bereziarekin. Ekitaldiok programatu genituen: "Luze edo motz" binakako bakarrizketa saioa eta Zutani Teatroaren "Bete ingoiau" antzezlana, Don Inorrez taldearen, Ruper Ordorikaren, Eneritz Furyak eta Maite Larbururen kontzertuak, Txerra Rodriguezen "30 urte mihigintzan" hitzaldia edota dantzan jarriko gaituen Tio Teronen semeak taldekoen "Festamentua" emanaldia.

Urtemugaren harira zabaldua dugun "Kafe Garaia" ataleko elkarrizketa errondan parte hartu zuten Arantxa Manterola kazetari eta herri mugimendu hainbatetako ordezkariak, Ugaitz Agirre Zapirain idazleak eta Orbeldi Dantza Taldeko kideak, Oidui Usabiaga Arruabarrena EHUko irakasleak eta Zirimara egitasmoaren sustatzaileak eta Irati Miguel Manterolak, EHU unibertsitateko Genomika zerbitzuko goi teknikariak.

"Udazkena Liburutegian" ziklo oparoari segida eman zion Sutegi udal liburutegiak, Ibon Martin idazlearekin, "Kolorez jantzita" ipuin musikatuarekin, "Bidea ipar" liburuaren inguruko solasaldiarekin...

"Gipuzkoako Organoak Plazara" zikloak Salbatore Elizan egin zuen geldialdia Brett Leighton musikari australiarraren "masterklas" saioarekin.

Azaroaren 13a
Nafartarrak taldeak "Noain 1521: independentzia berreskuratzeko azken guda" zikloa antolatu zuen, aspaldiko ekitaldi gehien antolatu zen azaroaren 13an amaitu zena. Larunbat hartan, pandemia hasiz geroztik egun bakar batean inoizko ekintza gehien ospatu zen; Eskola Eguna ospatzetik zetozen Aginagan Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa saioa, Kafe Tertuliakoen bertso-bazkaria eta triki-poteoa, bazkari musikatua Patrin, NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiko kontzertua... 

Hala egokitu zen: azaroaren 13an, usurbildar kulturgile talde batek herri eragileekin alor honi buruz egindako azterlanaren emaitza nagusiak aurkeztu zituzten eta hausnarketarako beharra sumatu zuten, herrian zegoen kultur eskaintzaren inguruan. Usurbilgo kulturgileen elkargunea eraikitzen hasteko prozesua iragarri eta abiarazi zuten hilabete amaieran.

Erraustegiko langileak greban
"Erraustegiaren Ingurumen Baimenaren aurkako auzi judiziala behin betiko konponbidetik urrun da", adierazi zuen agerraldi bidez GuraSOSek. EAE-ko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka tartekatutako kasazio-errekurtsoa ez zuen izapidetzeko onartu. Arkaitzerrekako hondamendiaz ezagutzen ez genituen hainbat datu larri ere plazaratu zituen. Artean, erraustegiko langileek greba mugagabeari ekin zioten pairatzen ari diren lan baldintza prekarioen aurka.

"Herribildu" herri antzezlana
Santuenea etorkizuna marrazteko prozesuan murgildu zen; auzotarrek galdetegi bat betetzeko aukera izan zuten. Historiara, herriaren sorrerara begira jarri zen aldiz, Belmonte Kalezarko auzo elkartea. Irailaren 11n Usurbilgo sorreraren 650. urtemuga bete zen. Urtemuga berezi honen harira, pasarte historiko ezberdinak biltzen zituen "Herribildu" herri antzerki ibiltari arrakastatsua eskaini zuten azaroa hasieran. Ikusleak liluratuta, sortzaileak pozik. "Auzoa berpiztu eta auzo egiteko helburuarekin hasi ginen proiektuak ezin zuen borobilagoa izan". 

Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean herriko emakumeek pairatutako eraso eta bizipenak plazaratu zituen Kafe Tertulia talde feministak.

Usurbilgo Udala auzoz auzo aritu zen hilabete amaieran hasieraz onartu zituen eta gizarte babesa lehenestea helburu izango duten 2022rako udal aurrekontuak aurkeztu eta ekarpenak biltzen. Txikierdi eta Lasarte-Oria arteko bidegorriaren 2. fasea inauguratu ere zuten.

Berri mingarria beste behin N-634 errepidetik. Gazte bat zendu zen istripuz. Bestalde, Andatzan hegazti babestu bat tiroz hil zutela salatu zuen Eguzkik.

Miriam Arrillaga Beloki Europako txapeldun izendatu zuten.

2021eko azaroako argitalpenak
Herrira Begira 43
Azaroaren 5a, 884. zenbakia
Azaroaren 12a, 885. zenbakia
Azaroaren 19a, 886. zenbakia
Azaroaren 26a, 887. zenbakia