Urteko azken hilabetera euri eta covid19 kasu berrien zaparrada azpian hasi genuen. Azaroan lehen tantak botatzen hasi eta ez zuen atertzen, ez prezipitazioei ezta koronabirus kasuen agerraldiei zegokionean. Eta ez zuen atertzen. Oriak euri gehiago irentsi ezinik erriberetan barneratu zen abenduaren 10ean. Biharamunean jaisten joan ziren urak.
Ezin esan gauza bera koronabirusari buruz. Abenduaren 3an, bi hilabete lehenago bertan behera utzitako osasun larrialdi egoera aktibatu zuten berriz. Kasu berrien agerraldiek etenik ez izateaz gain, inoizko kopuru altuenak izatera heldu gara. Abendua 1.410,91ko intzidentziarekin hasi genuen eta hilabete amaierarako 2821,81raino bikoiztera heldu gara. Astebetean azaroa osoko kasu kopurua gainditzera heldu gara; azaroan 108, abenduaren 22tik 26ra 109. Abendu osoan, hilaren 26ra arte 272 kasu zenbatu dira gutxienez.
Covid19 ziurtagiria eta protesta anbulatorioan
Hau gutxi ez eta Eusko Jaurlaritzak covid19 ziurtagiria eskatu eta erakustea derrigorrezko bilakatu zuen eremu itxi gehienetara sartzeko. Usurbilgo Udalak herri eragileekin urgentziaz eginiko bileran, neurri honekiko desadostasuna eta malgutasunez jokatzeko asmoa agertu zuen. Aztarrika Gazte Asanbladak ziurtagiri honen aurkako mobilizazioa deitu zuen Mikel Laboa plazan. Ziurtagiria eskuratzeko laguntza zerbitzua eskaintzen hasi ziren jubilatu elkarteetan.
Jendartean nabari den haserrea anbulatorio atarietara heldu zen, Osakidetzan ordezkaritzan duten langileen sindikatuek deitu zituzten mobilizazioen bidez. Abenduaren 22an elkarretaratzeak deitu zituzten osasun-etxeetan osasun sistemak bizi duen egoera jasanezina salatzeko; herritar talde bat batu zen Usurbilgoan.
Eta urte amaierara neurri murriztaile gehiagorekin eta covid19 kasu berrien kudeaketa autogestio bidez konpontzeko agintarien eskaerarekin heldu gara.
Herri bizitzaren alde
Egoera zaila izan arren, beste behin, prebentzio neurrien artean herri bizitzari eustearen aldeko apustua egin du Usurbilek. Horren adibide izan dugu abenduko kultur agenda. Hitanoaren ezagutza eta erabilera sustatzea helburu zuen Euskararen Eguna ospatu genuen abenduaren 3an, "hikodromo" berezi baten bueltan. Bezperan, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak azken irudiak grabatu zituen Zubietan; laster izango dugu ikusgai ETB-n.
Herri sorkuntzak Durangoko Azokan izan zuen erakusleihoa; lan ezberdinak aurkezten izan ziren bertan Yolanda Arrieta, Joseba Tapia, Alex Tello edota Jakoba Errekondo.
Usurbilgo Udalak "650 Usurbil bizi", etorkizunera begirako gizarte eredu desberdin baterako eta herri harrotasunerako tresna izan nahi duen turismo plan batetik haratago doan herri proiektua aurkeztu zuen Sutegi bete zuen ekitaldian.
Berreskuratu ziren hainbat ekitaldi: Zumartek Santa Zeziliren bueltan iragarritako ospakizunak, Salbatore elizan agurtu zuten kantuan abesbatza taldeek. NOAUA! K.E.-k giro eguzkitsupean egin ahal izan zuen San Tomas Azoka. Urte amaiera honi begirako ekimen zikloa iragarri zuen Hurbilago Elkarteak "Herria Argiztatu" lemapean: zozketa, bertan behera utzi behar izan duen San Silbestre lasterketa, edota Udazkeneko Azokan ireki ezin izan zuen haurrei zuzenduriko parkea. Olentzeroren etorrera ere antolatu zuen herri eragile eta norbanako gehiagorekin. Hilaren 24an heldu zen, bezperan Aginagara. Mari Domingirekin batera, covid19agatik etxean geratu behar izan zutenak gogoan hartu zituzten.
Auzoetan ere dinamika ezberdinak bideratu dituzte azken asteotan. Aginagan "Bost minutun" eta "Botadun katua" antzezlanak. Santuenean gabonetako azoka edota San Tomas eguneko ospakizunak edota etorkizuneko auzoa diseinatzeko hilabeteotan bideratu duten diagnosi faseko emaitzak aurkeztu zituzten. Etorkizuneko Zubieta marrazteko iaz bideraturiko parte hartze prozesuan eginiko lanketaren emaitza.
Urteko azken udalbatzarrean, Zapategi lur-eremuaren garapen sozioekonomikoa bultzatuko duen hirigintza hitzarmena behin betiko onartu zuten. Kalezarko adinekoen auzunearen eraikigarritasuna handitzea ere bai hasieraz.
2021eko abenduko argitalpenak
Herrira Begira 44
Abenduaren 3a, 888. zenbakia
Abenduaren 17a, 889. zenbakia
Abenduaren 24a, 890. zenbakia
Gabonetako gehigarria