Bilboko mobilizazioa herrietara eramango du Sarek urtarrilaren 8an, manifestazioa Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 30a, 07:22

Usurbilgo Sarek iragan urtarrilaren 9an deitutako manifestazioa.

Osasun krisialdiak egun bizi duen egoera tarteko, Sarek urtarrilaren 8rako Bilbon deitua zuen manifestazioa bertan behera utzi du. Herri eta hiriburuetan mobilizatzeko deia egin du egun horretan. Manifestazioa egingo da Usurbilen.

Bigarren urtez segidan Bilbon deitua zuten mobilizazioa bertan behera uztea erabaki du ostegun honetan Sarek. Urtarrilaren 8rako finkatua zuen manifestazioa Bizkaiko hiriburuan, arratsaldeko 17:00etan abiatzekoa zen La Casillatik “Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako. Bidean” aldarripean. Osasun krisialdiak egun bizi duen egoera tarteko ordea, "atsekabe handiz" hitzordu hau bertan behera uztea erabaki dute. Erabaki zaila izan dela diote gaur goizean antolatzaileek egin duten agerraldian. "Ez da erabaki erraza izan, bigarren urtea baita aldarri beraren gerizpean pertsona ugari biltzen dituen mobilizazio handi hau baztertzen dugula", gogorarazi du Sarek. Baina 80.000-100.000 pertsona biltzen dituen halako hitzordu bat antolatzea arduragabekeriatzat jo dute eta "Sarek kosta ahala kosta saihestu nahi du hori".

Bilboko deialdia bertan behera utzita "hala ere, ez dugu baztertu nahi Bilboko kaleetan milaka eta milaka lagunek plazaratu genuen aldarrikapena", batetik, "data hau ikur bat delako euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren barruan. Bestetik, nahiz eta azken urte hau garrantzitsua izan espetxe-politikan hainbeste espero genuen aldaketari dagokionez, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako oraindik, eta gradu-progresioa blokeatuta dagoelako, eta, ondorioz, presoek ezin dutelako egin etxera itzultzeko prozesua. Eta, azkenik, pandemia honek eragin zuzena duelako presoengan eta haien senideengan. Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxeetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak". 

Manifestazioa Usurbilen
Horregatik, iragan urtarrilean bezala, bigarren urtez segidan, mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko herri eta hiriburuetan. "Urtarrilaren 8an gure herrietan elkartuko gara, 17:00etan. Ordu horretan, ehunka mobilizazio egingo dira aldi berean, milaka pertsonaren parte-hartzearekin, betiere behar diren segurtasun-neurri guztiak beteta".

Usurbilgo Sarek NOAUA!ri baieztatu dionez, urte hasieran egin bezala, udalerri honetan ere manifestazioa egingo da herriko kaleetan barrena, arratsaldeko 17:00etan hasita. "Urtarrilaren 8 honetan inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu aldarrikapena bizirik mantentzea eta Euskal Herriko herri guztietako kaleak betetzea bidea egiten jarraitzeko: bizikidetzarako bidea, bakerako bidea, etxerako bidea".  


Urteko azken ostirala
Usurbilgo Sarek egunotan emango ditu urtarrilaren 8an udalerri honetan deituko duen manifestazioari buruzko xehetasunak. Gogoan izan, aurrez, abenduko azken ostiral honetarako, hilaren 31rako, elkarretaratzea deitua duela iluntzeko 19:00etan Mikel Laboa plazan.