Abenduaren 24ko asteburura begira iragarritako gogorarazpen ohar berdina urtea agurtzeko ere. Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, zenbait udal zerbitzu ospakizun egunotara egokituko dituzte. Bai udala bera, Sutegi udal liburutegia eta Oiardo Kiroldegia. Udal zerbitzu guztiok itxita egongo dira asteburu honetan, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean. "Gainetako egunetan ohiko ordutegian zabalduko dituzte", ohartarazi du Usurbilgo Udalak.
Etenik edo jai egunik izango ez duen udal zerbitzua atez ateko bilketa izango da. "Jaiegunak datozen arren, hondakinen bilketan ez da aldaketarik izango", ohartarazi du Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez. Atallun kokatua dagoen Garbigunea aldiz bai, itxita egongo da aipaturiko jai egunotan. "Baina gainerakoetan zabalik izango da; behar izanez gero, kartoia eta ontzi arinak eramateko aukera dago ohiko bilketa egunetatik kanpo", zehaztu du Udalak.
Aparteko bilketa berezia koronabirus kasuetarako
Gogoan izan, pandemia hasieratik Usurbilgo Udalak martxan jarritako protokolo eta ezohiko neurrien artean, hondakinen atez ateko aparteko bilketa abiarazi zuela, covid19 kasuren bat zegoen etxebizitzetarako. Berrogeialdian dauden herritarrek Atez Ateko bulegora deitu behar dute, 900 776 776 telefono zenbakira eta "gainerakoengandik bereizita jasoko dizkizute".