Koronabirusa

Murrizketak garraio zerbitzuetan, gauekoak bertan behera

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 31a, 08:40

Urtero moduan, aurreko asteburuan eta oraingo honetan ere garraio zerbitzuak murriztu ohi dituzte. Baina aurreikusitako murrizketei, asteazkenetik indarrean den Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria erantsi behar zaie oraingoan. Goizaldeko 1:00etarako finkatua dute jardueren amaiera nahiz establezimenduen itxiera ordua. Azken garraio zerbitzuen irteera goizaldeko 2:00etan. Egoera honetan, astebururako gaueko autobus zerbitzua bertan behera uztea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamenduak. 

Iragan asteburuan bezala eta aurreko urteetan gertatu izan den moduan, autobus eta tren zerbitzuak murriztuko dituzte datozen jai egunotan. Murrizketa gehienak urterokoak dira; lehenago eteten dituzte garraio zerbitzuak abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean goizez zerbitzu bat eskaini eta arratsalde partean berrezartzen dituzte.

Osasun krisialdiak ordea zerbitzuok are gehiago murriztera bultzatu ditu agintariak. Dakizuenez, abenduaren 29az geroztik indarrean du Eusko Jaurlaritzak covid19aren hedapenari aurre egiteko dekretu berria. Bertan ezarria duten neurrietako bat honako hau da; goizaldeko 1:00erako finkatua dute jardueren amaiera eta establezimenduen itxiera ordua. Establezimenduek gainera ezingo dute ireki goizeko 8:00ak baino lehen urtarrilaren 1ean. Garraio zerbitzuak goizaldeko 2:00etan etetea agintzen du gainera.

Egoera honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamenduak "Lurraldebusen gaueko zerbitzuak asteburu honetan bertan behera uztea erabaki du". Bai abenduaren 31tik urtarrilaren 1eko gauekoak baita urtarrilaren 1etik 2rako gauekoak ere.

Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria indarrean izatea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak, urtarrila amaierara arte gutxienez. Hurrengo asteburuetarako bai, urtarrilaren 7tik aurrera eta "gainerako asteburuetan zerbitzuak ostalaritza ixteko ezarritakoa baino ordubete gehiago mantenduko dira. Azken ibilbidea 2:00etan izango da", ohartarazi dute Foru Aldunditik.

TREN ETA AUTOBUS ZERBITZUAK ABENDUAREN 31n eta URTARRILAREN 1ean

Abenduak 31
Azken zerbitzuak
Lurraldebus:
BU02 Usurbil-Ospitaleak: 20:45. Ospitaleak-Usurbil: 20:30.
BU10 Usurbil-Hernani: 20:15. Hernani-Usurbil: 20:25.
UK09 Zumaia-Donostia:
-Usurbildik Donostiarantz: 20:15.
-Usurbildik Oriorantz: 20:45.

Euskotren:
Usurbildik Donostiarantz: 19:54, 20:24, 20:54.
Usurbildik Oriorantz: 18:34, 19:04, 19:34, 20:04.

Urtarrilak 1
Lurraldebus:
BU02 Usurbil-Ospitaleak/Ospitaleak-Usurbil: igandeetako ordutegia.
BU10 Usurbil-Hernani: ohiko ordutegia 16:15-21:15 artean. Hernani-Usurbil: ohiko ordutegia 16:55-21:55 artean.
UK09 Zumaia-Donostia: 
Goizez zerbitzu bakarra: 10:30.
Arratsaldetik aurrera jai egunetako ordutegia, 18:10ean lehen zerbitzua.
Donostia-Zumaia: 
Goizez zerbitzu bakarra: 12:00.
Arratsaldetik aurrera jai egunetako ordutegia, 18:30etan lehen zerbitzua.

UK49G (gaueko zerbitzua): bertan behera.

Euskotren:
Usurbildik Donostiarantz:
-Goizeko zerbitzu bakarra: 13:24.
-Arratsaldez, 18:24tik aurrera larunbatetako ohiko ordutegia.

Usurbildik Oriorantz:
-Goizeko zerbitzu bakarra: 11:04.
-Arratsaldez, 17:04tik aurrera larunbatetako ohiko ordutegia.

Informazio gehiagorako:
lurraldebus.eus / 900 300 340
euskotren.eus / 944 333 333