Koronabirusa

Egunotarako arau murriztaile gehiago

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 31a, 08:59

Asteazkenaz geroztik Eusko Jaurlaritzak indarrean duen dekretu berriak neurri murriztaile gehiago ezartzen ditu jai egunotarako, beste behin, bereziki ostalaritza guneetan. EAEko Auzitegi Nagusia indarrean diren azken murrizketen inguruko erabakia hartzekoa da gaur.

Osasun krisialdiak baldintzatuta agurtuko dugu 2021a ere eta tankera beretsuan emango diogu ongi etorria urte berriari ere, Eusko Jaurlaritzak asteazkenaz geroztik indarrean duen dekretuaren eraginpean. Zenbait neurri murriztaile indarrean dira duela 48 ordutik eta ate joka ditugun jai egunotarako gehiago izango ditugu.

Urte berriari hain zuzen, kalean eman ohi zaio ongi etorria, tabernen bueltan. Eusko Jaurlaritzak asteazkenaz geroztik indarrean duen dekretu berriak dioenez ordea, goizaldeko 1:00ean ixteko agindua dute ostalaritza establezimenduek. Eta urtarrilaren lehen egunean (urtarrilaren 6an ere bai) ezingo dute ireki goizeko 8:00ak baino lehen. "Muga horretatik salbuetsita daude gasolindegiak, zerbitzuguneak eta farmaziak, bai eta hoteletako eta bestelako ostatuetako gosari-zerbitzua ere", ohartarazten du Jaurlaritzaren dekretuak.

Iluntzeko poteoa ere baldintzatuko dute neurriok. Barrualdeko edukiera %60ra murriztea agindu du Jaurlaritzak, ezingo da zutik kontsumitu, mahaien artean metro eta erdiko segurtasun distantzia bermatzea agintzen du dekretuak eta mahai bakoitzaren bueltan gehienez 10 lagun biltzea.

Egunotako otorduei begira ere zenbait aholku plazaratu ditu Jaurlaritzak. "2021eko abenduaren 31tik 2022ko urtarrilaren 1era bitartean eta 2022ko urtarrilaren 5etik 6ra bitartean, Gabonetako bazkariak eta afariak ospatzeko familia-topaketetan hamar pertsona baino gehiago ez biltzea, eta gehienez ere bi familia-unitate elkartzea. Era berean, gomendatzen da horien osaera ez aldatzea egingo diren ospakizunetan, eta betiere arreta berezia izatea COVID-19 birusaren aurrean kalteberatasun-egoeran dauden pertsonekin".

Auzitegien erabakia
EAEko Auzitegi Nagusia gaur erabakitzekoa da, indarrean diren azken neurri murriztaileak bertan behera utzi edo ez.