Sarek urtarrilaren 8an herrian egingo den manifestaziora deitu ditu herritarrak

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 31a, 20:06

Osasun krisialdiagatik Bilbon ez, azkenean Euskal Herriko herri eta hiriburuetan egingo dira Sarek deitutako mobilizazioak urtarrilaren 8an. "Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean" aldarripean Usurbilen ere manifestazioa egingo da hurrengo larunbat arratsaldeko 17:00etan Mikel Laboa plazatik. Parte hartzeko deia egin du Usurbilgo Sarek, urtea agurtzeko abenduko eta 2021eko azken ostiral iluntze honetan frontoi ondoan egin duen elkarretaratzean.

"Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean"
Pandemiaren egoerak urtarrilaren 8an Bilbon egitekoa genuen manifestazioa Euskal Herriko herrietara eramatea erabaki du Sarek. Usurbilen gure aletxoa jarriko dugu, iaz egin genuen bezala, "Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean" lemapean. Lelo honekin adierazi nahi duguna zera da; bizikidetzarako eta bakerako bidea egiten ari garela, etxerako bidea egiten ari garela.

Hala egiten ari garela uste dugulako. Argi dugulako orain arte eman ditugun urrats guztiak beste pausu bat direla bide horretan. Bizikidetza ezinezkoa delako euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-legeriak eragindako eskubide-urraketa desagertzen ez bada. Eta, etxerako bidea egiteko, espetxe-politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa sustatzeko, funtsezkoa delako bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egitea. Biak ala biak, elkarlotuta doaz.

Elkarrekin gaude bide horretan aurrera egin nahi dugun guztiak, sufrimendua desagerrarazi nahi dugun guztiak, eskubideen urraketa behin betiko amaitzea nahi dugun guztiak, eta konfrontazioaren aroa atzean utzi nahi dugun guztiak. Elkarrekin egiten ez badugu, bakoitzak bere aletxoa jarrita, erantzukizunez eta errespetuz, eta, batez ere, aurrera egiteko gogoa argi adierazita, ezinezkoa izango baita.

Saretik behin baino gehiagotan esan dugu positiboki baloratzen ditugula azken urte honetan egin diren urratsak. Izan diren presoen hurbilketak, dudarik gabe, senideen zama arintzea ekarri du presoak bisitatzeko distantzia luzeak murriztean, baina ez dezagun ahaztu gaur egun 104 preso daudela oraindik ere Euskal Herritik urrun, eta honela haien eta haien familien eskubideak urratzen dituztela.

Ez dezagun ahaztu, ezta ere, %94k bigarren graduan jarraitzen duela, eta 10 baino ez direla hirugarren graduan dauden presoak, egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean, eta horietatik 52k eskubidea dute jada baldintzapeko askatasunean egoteko. Preso horien %90ek espetxe-baimenak izateko aukera izan beharko luke, horretarako zigorraren dagokien zatia beteta dutelako.

Horri guztiari, justiziaren jarrera politikoa eta ideologizatua batzen zaio. Espetxeetako Juntatik gradu-progresioren bat edo espetxe-baimenen bat lortzen dutenean, ANk errekurritu, blokeatu eta geldiarazi egiten ditu erabaki horiek.

Ezin ditugu ahaztu ere, larriki gaixorik daudenak, motxiladun umeak, eta oro har preso bakoitzaren atzean dauden eskubide oinarrizkoen etengabeko urraketa.

Etxerako bidean lagundu nahi ditugulako gaude gaur hemen. Preso horien guztien, beren senide eta lagun guztien alde topa egiteko.

Izan gaitezen bidea. Etxerako bidea.