Abenduko uholdeek errio ertzean utzitako zikinkeria garbitzeko auzolanerako deia astearte honetan

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 4a, 08:49

Abenduko uholdeek errio bazterretan agerian utzitako zikinkeria garbitzeko auzolanerako deia egin du Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak astearte honetarako, urtarrilaren 4rako.

Azaroa erdialdean hasi eta abenduko lehen hamabostaldia igaro arte euria atertu gabe egin zuen. Gogotik bota zuen hainbat egunetan. Alerta laranjan izan ginen eta erriora begira. Bitan bere eguneroko bidetik irten eta erriberetan barrura sartu zen. Azaroa amaieran uholde txikiak eragin zituen, handiagoak abenduaren 10ean; Txikierdi Zubietarekin lotzen duen bidea urpean geratu zen, baita Zubietatik hasi eta Aginagarainoko erriberak ere.

Biharamunean urak jaitsi ahala, uholdeen arrastoa begi bistakoa zen bai errio ertzetan, baita ibai ondoko zuhaitzetan ere. Guneotan denetariko hondakinak eta zikinkeria agerian geratu zen beste behin. "Hilabete hasieran izandako uholdeek gure errekak eta ibaiak zaborrez bete zituzten", oroitzen du Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak. Horregatik, "egoera hau ikusita, Usurbilgo Gazte Asanbladak gai honekiko lanketa bat egiteko beharra sentitu du".

Auzolanerako deia egin du; "ibai bazterren garbiketa baten deialdia egin dugu herrigintzaz natura ere zaintzeko asmotan". 

Biltzeko hitzordua, astearteh honetarako, urtarrilaren 4rako finkatu dute goizeko 9:30etan, Zumartegi industriagunean, Legarda kalea 6an, Bruñotarren marisko saltokiaren parean. Parte hartzeko deia zabaldu dute.