Abisu horian 100 kilometro orduko haize boladengatik

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 4a, 08:00

Astearte arratsaldeko 16:00ak arte haizeagatik abisu horiaren eraginpean izango gara. 100 kilometro orduko haize boladak izan ditzakegu.

Haizea harro ibiliko da datozen orduotan. Gauerdiaz geroztik eta astearte arratsaldeko 16:00ak arte abisu horian izango gara 100 kilometro ordura arteko haize boladengatik. Haizeguneak ez diren tokietan 60-80 kilometro ordukoak izan daitezke, goiz partean hego edo hego-mendebaldekoak. "Eguerditik aurrera haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, eta batez ere kostaldean izango du eragina; haize-boladek 80-90 km/h-ko abiadura gaindi dezakete".

Haize bolada artean aldaketa etorriko zaigu. "Fronte hotz bat igaroko zaigu eta eguraldia nabarmen aldatuko da arratsaldean. Eguna hodei gutxirekin eta lainogune batzuekin hasiko dugu, eta goizean goiz giroa oso epela izango da Kantauri isurialdean hego-mendebaldeko haizearen eraginez; haize-boladak oso gogorrak izango dira haizeguneetan. Egunaren erdiko orduetan lainotzera egin eta euritara joko du denean. Gainera, frontea igarotzean haizeak ipar-mendebaldera egingo du, eta zakar ibiliko da. Frontea igaro eta gero, tenperatura nabarmen jaitsiko da arratsaldean".

Ildo beretik segiko du asteazkenean; "giroa hotza izango da eta euri apur bat egingo du. Hodeiak ugariak izango dira eta zaparrada txiki-ertainak botako ditu, ipar partean eta goizean bereziki. Arratsaldean atertzera egingo du eta gauean ostarteak zabalduko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus