2022ra begira

Gregorio Arbeloa omentzen duen NOAUA!ren egutegia, gida askorentzat

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 5a, 09:57

Harrera ezinhobea izaten ari da NOAUA!ren 2022ko egutegia. Urtea amaitu aurretik etxez etxe banatu bagenuen ere, oraindik hainbat herritar dira eskatzera datozenak. NOAUA! K.E.-ren egoitzan ditugu ale gehiago.

Abuztu hasieran zendu zen Gregorio Arbeloa margolaria omentzen duen 2022ko egutegia kaleratu du NOAUA! K.E.-k. Beste urte batez Zaloa Arnaiz Ibargurenek diseinatu du. Kultur elkarteak eskerrak eman nahi dizkie egutegi hau egiteko laguntza eman duten guztiei, bereziki Gregorioren semeei.

Egutegiak Arbeloaren biografia jasotzen du, bere sorkuntza ibilbidea ezagutzeko aukera eskaintzen du. "Iraganeko eta gaur egungo Euskal Herriko ohitura tradizionalei eta paisaiei zuzendutako ikuspegi pertsonala izan da bere nortasun artistikoaren ezaugarri nagusia".

Jai egunak noiz
Egun bizi dugun egoeratik aurreikustea zaila den arren, urte honetako ospakizunak eta jai egunak noiz izango ditugun ere zehazten du egutegiak. Eusko Jaurlaritzak iragan maiatza hasieran onartu zuen urte berri honetarako lan-egutegia, ohi bezala erlijio ospakizunei nahiz Espainiakoei lotutako jai egunekin. Handik aste gutxira erabaki zuen Usurbilgo Udalak udalerri honi hautatzea egokitzen zaion jai eguna noiz izango den. Udalerri mailakoa beste behin uztailaren 2a izango da, Santixabel eguna. Gogoan izan bestalde, igandez egokituko den abenduaren 25aren ordez, jai egun berri bat izango dugula aurtengoan; irailaren 6a izatea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Asteartez egokituko den Elkano Eguna hain zuzen, "Juan Sebastian Elkano Getariako marinela buru zela munduari egindako lehen biraren bosgarren mendeurrena ospatzeko". 

2022ko jai egunak
Urtarrila: 1, 6. 
Apirila: 14, 15, 18.
Uztaila: 2, 25.
Abuztua: 15.
Iraila: 6.
Urria: 12.
Azaroa: 1 
Abendua: 6, 8. 

Zerbitzu lanak
Egutegiak ere herritar askorentzat gida lanak egin izan ditu, errefusa etxe atarira noiz atera zehazten baitigu. Baita 2022koak ere. 

Errefusa biltzeko egunak
Urtarrila: 9, 23.
Otsaila: 6, 20.
Martxoa: 6, 20.
Apirila: 3, 17.
Maiatza: 1, 15, 29.
Ekaina: 12, 26.
Uztaila: 10, 24.
Abuztua: 7, 21.
Iraila: 4, 18.
Urria: 2, 16, 30.
Azaroa: 13, 27.
Abendua: 11, 25.