Gaurkoz ziurgabetasuna erabatekoa da, ezin jakin estreinatu berri dugun 2022a nola biziko dugun, ezta zer nolako ospakizunak izango ditugun. Jaiak, Sagardo Eguna... ohi bezala bizitzeko moduan izango ote garen. Modu batean edo bestean, euskararena izango da urte hau, bi hitzordu nagusirekin. Batetik iaz osasun krisialdiak bertan behera utzitako 22. Korrika iragarria du AEK-k. Martxoaren 31n Amurrion abiatu eta Donostian amaituko da apirilaren 10ean. Euskal Herria alderik alde zeharkatuko duen euskararen aldeko lasterketa Usurbildik ere igaroko da; laster emango du ezagutzera antolakuntzak noiz.
"Hitzekin" da 22. ediziorako hautatu duten leloa, "euskara HITZetik EKINtzetara eramateko unea delako", antolatzaile lanak bideratzen ari den AEK-ren esanetan. Korrikak oraingoan Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu, "beren ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik".
Euskaraldia
Korrika bezala bi urtean behin egokitzen den Euskaraldia ere bueltan etorriko zaigu hirugarren edizioarekin, azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Herritar eta entitate gehiagorengana heldu nahi du. "Ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da", dio antolakuntzak.
Parte hartzeko gonbita luzatzen digute Euskaltzaleen Topaguneatik eta AEK-tik. "Euskal Herri osoko euskaldunak, beraz, hitzekin ekitera animatzen zaituztegu, Korrika eta Euskaraldia batzordeetan parte hartzera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko dinamikak sustatzera, euskarazko guneak sortzera, eta euskara erabil dadin baldintzak bermatzera zeuen entitateetan edo ingurunean. KORRIKArekin nahiz EUS- KARALDIArekin, berriz kalera ateratzeko garaia da", adierazi dute Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Kike Amonarriz NOAUA! K.E. kide duen Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak sinatu eta aste honetako aldizkarian irakurgai duzuen gutunak.
Informazio gehiagorako:
euskaraldia.eus
korrika.eus