Koronabirusa

Ikasgeletara itzultzearen aldeko apustua egin dute erakundeek

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 4a, 13:30

Neguko oporraldia amaituta, ikastetxeak aurrez aurreko klaseetara itzultzea adostu dute Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako erakunde nagusiek.

Aldaketarik ez. Oporretara joan bezala itzuliko dira ikasleak ikasgeletara urtarrilaren 10ean. Protokolo berarekin eta aurrez aurreko klaseetara. Hala erabaki dute astearte eguerdi honetan, Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako gobernuek. Erabakiak hezkuntza etapa guztietako ikasleei eragingo die. Neguko oporraldira joan aurretik zuten protokoloan ere ez da aldaketarik aurreikusten.

Kutsatzeak gorantz
Usurbilen bezala EAE mailan ere markak hausten segitzen du koronabirusaren transmisioak. Ostegunean eguneratuko dituzte udalerrietako datuak. Eusko Jaurlaritzako osasun sailburu Gotzone Sagarduik astearte eguerdi honetan jakinarazi dituen datuen arabera, azken 24 orduotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin diren 29.137 probetatik 11.572 positiboak izan dira, %39,47a hain zuzen. 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 4898,55ekoa da, 7 egunekoa 3325,16koa. 1,41ean da birsortze indizea. 567 pertsona daude ospitaleratuak, 132 ZIU-etan. 

Eusko Jaurlaritzak plazaraturiko datuen arabera, azken astean nabarmen igo dira kutsatzeak, intzidentzia eta ospitaleetako presioa. Sagarduiren esanetan, iragan astean 1.000 puntuko igoera izan zuen 14 eguneko intzidentzia metatuak, 2.613an hazi da oraingoan. 357tik 567ra igo da ospitaleratu kopurua eta ZIU-ko oheen okupazioa 111tik 132ra. Egun, ZIU-ko oheen %44,3a covid19a dutenek okupatzen dute. Tartean lau haur daude ospitaleratuak, bi ZIU-an.

Txertaketa datuei dagokienez:
-Errefortzu dosia: 90 urtetik gorakoen %93,6ak, 60 urtetik gorakoen %86,6ak eta 40 urtetik gorakoen %57,2ak. 45-50 urte artekoei hirugarren dosi hau jartzeko hitzorduak ematen hasi da Osakidetza.
-12 urtetik beherakoen artean: lehen dosia %34,9ak. 36.000 dosi gehiago eskuratu ditu Osakidetzak.