Auzolanean Oriaren bazterrak lehengoratzen

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 4a, 15:42

Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbaldak astearte goizerako antolaturiko auzolan saioan parte hartu du herritar talde batek.

Auzolanaren balioa modu praktiko eta argian nabarmendu du gaurkoan Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak. Herria garbi, txukun mantentzeko hitzordua finkatua zuen, garbitik ezer gutxi duten Oria ertzetan. Astearte goizeko 9:30ak aldera Zumartegi industriagunean bildu dira. Beharrezko tresnak hartu eta ibai ertzera gerturatu dira, bere bazterretan zegoen zikinkeria biltzera. Materialez jositako dozena bat poltsa bildu dituzte. Barruan, denetariko hondakinak.

Goiza, Oria alboko eremu konkretu batean lanean igaro dute. Hainbat hondakin ateratzen kosta zaie, ondo baino hobeto txertatuak baitzeuden naturan. Gogotik saiatu dira eta nabarmen txukundu dute, baina eremu honen antzera da zonaldeko errio ertz osoa. Halako auzolan gehiagoren beharra begi bistakoa da. Eta bistan denez, badugu zer hobetua herriaren zaintzan, kasu honetan, errioaren zaintzan.