2022ra begira

Joxan Artzeren aldeko oroimen ekitaldiak, urtarrileko kultur agendan

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 5a, 09:20

Negu hasiera honetako ospakizunen osterako ere zenbait hitzordu izango ditugu. Urtarrila lasaiago dator kultur eskaintza aldetik, baina bestelako ekintzarik ere ez zaigu faltako datozen asteotan. 

Asteazken honetako erregeen kabalkadaren ostean, iganderako aurreikusia du Udalak gaztetxoenei zuzendutako asteotako azken ekintza; abenduaz geroztik martxan den negu parteko euskarazko zine zikloa. Zabortegi batean giroturiko "Glup" filma eskainiko dute urtarrilaren 9an arratsaldeko 17:00etan Sutegin. Sarrerak usurbilkultura.eus plataforma bidez eskura ditzakezue 3 eurotan. Kultur-etxeko edukiera %60ra murriztua dagoenez, 93 lagunentzako lekua egongo da Sutegiko proiekzioan.

Lau urte beteko dira Joxan Artze zendu zenetik. Sortzaile usurbildarra gogoan hartuta, arratsalde pasa antolatu dute Jexux Artze K.E.-k eta Usurbilgo Udalak urtarrilaren 15erako. Lehenik, Balea Zuriak argitaletxeak Artzeren poema bildumarekin osatu duen antologia aurkeztuko du Mikel Laboa plazan (euria bada Sutegin). Jarraian Oskarbi taldearen kontzertua programatu dute Sutegin. "Ez Dok Amairuren ernamuinak Artzeren idatzi asko musikatu ditu. Kantu horiekin zein euren ibilbideko eta azken diskoko sorkuntzekin osatuko dute emanaldia", iragarri dute antolatzaileek. Bi ekitaldiotarako sarrera doakoa izango da, usurbilkultura.eus plataforman izena eman dezakezue jada.

"Bidaide" eta "Apaiz kartzela"
Antzezlan eta dokumental proiekzio bana ere iragarri dira 2022ko lehen asteotarako. Hilaren 22an "Bidaide" antzezlana. Udalbiltzak iaz abian jarritako "Geuretik Sortuak" sortzaileei zuzendutako beka deialdiaren baitan ondu duten sorkuntza lan honetan, "herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez mintzo da Bidaide antzezlana". Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide, Iraia Elias eta Idoia Hernandez “Hatxe” aktoreek parte hartuko dute. Udalak eta Udalbiltzak antolaturiko hitzordurako sarrera doakoa izango da. Gogoan izan, beka deialdi honen baitan parte hartu dutela baita Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre idazleek. Sorkuntza lan bana bideratu dute egitasmo honen baitan.

Hilabetea, "Apaiz kartzela" dokumentalaren proiekzioarekin agurtuko dugu urtarrilaren 30ean. "Bidaia erreal bat egoera itxuraz irreal batean. 1968-1976 aldian Zamorako apaizen kartzelan preso egon ziren lau apaiz presondegira itzultzen dira. Apaiz horietako batzuek hamar urtetik gorako zigorrak jaso zituzten frankismoaren errepresioa salatzen zuten sermoiengatik". Emanaldiaren ostean solasaldia izango da zuzendari eta protagonista banarekin. Usurbilgo Udalak antolaturiko hitzordurako sarrera 5 eurotan eskuratu ahalko da aurrez, usurbilkultura.eus plataforman.

"Deshazkundea" hizpide
Anerreka ingurumen elkartearen hileroko dinamikaren baitan, oraingoan "deshazkundea" hizpide izango duen hitzaldia antolatu dute urtarrilaren 27an Sutegin. "Deshazkundea: patu saihestezina nola bihurtu emantzipazio bide" hizpide duen gaia ahotan hartuko du Joseba Azkarraga Etxagibel, soziologian doktoreak. EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle eta ikertzailea da.

Sareren bi mobilizazio
Osasun krisialdiaren egungo egoerak Sarek urtarrilaren 8rako Bilbon deitua zuen manifestazioa bertan behera uztera behartu du. Iazko formula baliatzea erabaki du; alegia, mobilizazioak herrietara eramatea. Usurbilgo Sarek manifestazioa iragarri du, gainerako herrietan egingo diren ordu berean; Bilbokoa antolatua zegoen orduan hain zuzen, larunbat arratsaldeko 17:00etan. Mikel Laboa plazatik abiatuko da. 

Eta hilabete amaieran, azken ostiralean ohi bezala elkarretaratzea deituko du Sarek 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen"
Mendiko bizikleta gainean Andatzari itzulia emanez amaituko dugu urtarrila, Irisasi BTT-k antolatu duen "Hotzak Akabatzen" probari esker. Urtarrilaren 30ean ospatuko da. Izen emateak oraindik zabalik segitzen du, rockthesport.com atarian.

Odol ematea
Usurbilgo odol emaileen elkarteak bi hilean behin finkatu izan ohi duen datorren hitzordua, urtarrilaren 10ean, 16:30-20:10 artean Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.