"Glup" euskarazko filma igandean haurrentzat

Negu parterako gaztetxoenentzako euskarazko filmak hilero lehen igandeetan proiektatzen diren arren, azken egunotako ekitaldien eraginez, astebete atzeratu du emanaldia antolakuntzak; igande honetara, urtarrilaren 9ra. "Glup" filma eskainiko dute. 

Abenduaz geroztik martxan dute beste behin Usurbilgo Udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak negu parte honetarako euskarazko film proiekzioen zikloa. Hilero lehen igandeetan eskaintzen dituzte haurrentzako ikus-entzunezkoak euskaraz. Abenduaren 5ean "Zutik!" eskaini zuten. Izatez urtarrilaren 2an egokituko zen hurrengo emanaldia, baina astebete atzeratzea erabaki zuen antolakuntzak. 

Aipatu moduan beraz, neguko euskarazko zine zikloaren baitako hurrengo film proiekzioa, igande honetan, urtarrilaren 9an, ohiko ordu eta lekua, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan. Sarrerak usurbilkultura.eus plataforman eskura daitezke 3 eurotan. Aitor Arregik eta Iñigo Berasategik zuzenduriko "Glup" filma eskainiko da.

"Glup" filmaren proiekzioa
Eguna: urtarrilak 9, igandea.
Ordua: 17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: "“Erosi, erabili eta bota”; hori da ohikoena gaur egungo bizimoduan. Dendak hustu egiten dira eta zabortegiak bete. Film honetako istorioa zabortegi batean gertatzen da, eta Glup eta Alize ditu protagonista nagusi. Zabortegi hori Komun jaun maltzurrak gobernatzen du eta bere eskuetan jausten den edozer gauza errausketa-labera bidaltzen du. Glup gabardina zaharrak eta bere zabor taldeak bakarrik egiten diote aurre haren tiraniari. Baina lagun berri bat egingo dute: Alize, zabortegian ustekabean jausi eta etxera itzultzen ez dakien neskatoa. Bere irrati maitea galdu du zabortegian eta hura gabe ezin da etxera itzuli".
Zuzendariak: Aitor Arregi, Iñigo Berasategi.
Sarrera: 3 euro aurrez usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Ziortza G.E.