Sareren manifestazioa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 7a, 07:24

Bilbon urtarrilaren 8an egitekoak ziren manifestazio nagusia herri eta hiriburuetara eramatea erabaki du Sarek, covid19aren intzidentzia handiagatik. Usurbilen manifestazioa, larunbat arratsaldeko 17:00etan Mikel Laboa plazatik.

Negu hasierako ospakizunen ondotik, beste urte batez salbuespenezko espetxe politika bertan behera uztea eskatzeko Sareren mobilizazioa ate joka dugu. Izatez larunbat honetarako, urtarrilaren 8rako deitua zuten mobilizazioa Bilbon. Covid19aren intzidentzia handiak ordea bigarren urtez hitzordua "deszentralizatzera" eraman ditu antolatzaileak. Hego Euskal Herriaren kasuan, herri eta hiriburuetan egingo dira mobilizazioak, Bilbokoa iragarria zuten ordu berean, larunbat arratsaldeko 17:00etan, eta iragarritako aldarripean; "Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean".

Usurbilen ere udalerri honetako Sare taldeak manifestazioa deitu du hilaren 8rako; arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik. Iazko formula errepikatuko da. Mikel Laboa plazan bildu, handik Kaxkoko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioari ekin eta abiapuntura itzuliko da mobilizazioa, frontoi atzealdera. Bertan egingo dute hitzordu amaierako ekitaldia.

Parte hartu ezin dutenentzat, sare sozialak baliatzeko deia
Azken egunotan antolatzaileek manifestazio atariko agerraldia egin dute, eta bertan oso garrantzitsutzat jo dute "osasun-neurriak betetzea". Mobilizazioetara joan ezin dutenentzat honako gonbita luzatu du Sarek; "argi izanda osasun-egoeraren ondorioz pertsona askok ez dutela aukerarik izango deialdi horietan parte hartzeko, gaurko prentsaurreko hau baliatu nahi dugu etxean geratu behar duten pertsona horiei eskatzeko haien sare sozialetan zabal ditzatela urtarrilaren 8ko aldarrikapenak".

Antolatzaileek mobilizazio hauei eusteko beharra nabarmendu dute. "Batetik, oraingo osasun-egoerak eta konfinatutako pertsonen kopuruak zaildu egingo dute, zalantzarik gabe, ekitaldietan parte hartzea, baina, bestetik, argi dugu beste arrazoi objektibo bat, hau da, kalera irtetearen eta salbuespeneko espetxe-politikaren amaiera eskatzeko aldarrikapena aktibo mantentzearen beharra eta garrantzia".

Hurbilketa, 3. gradua, bizikidetza eta bakea
Mobilizazio hauetan defendatuko diren aldarri nagusiak zerrendatu ditu Sarek:
– Euskal preso guztiak hurbiltzea, salbuespenik gabe eta gehiago atzeratu gabe.
– Bigarren gradutik hirugarrenerako progresioa, espetxeko baimenak hartzeko eta baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera desblokeatzea.
– Eta bizikidetzaren eta bakearen alde aurrera egiten jarraitzeko aldarrikapena, erantzukizunez, errespetuz eta enpatiaz.

Estreinatu berri dugun urte berri honi begira, "espero dugu oraingo espetxe-politika aldatzeko erabakigarria izango den urte berriaren hasiera izatea. Halaber, sufrimenduari amaiera emateko eta etorkizun hobea eraikitzeko bide honetan elkarrekin aurrera egiteko urtea izatea espero dugu. Eta guztion artean egin behar dugu hori. Bestela, ezinezkoa izango da".

Atxikimendu anitz
Babes zabala jasotzen ari dira Sareren Euskal Herri mailako deialdiok. Larunbat goizerako Bilboko Euskalduna Jauregian deitu duten ekitaldian parte hartzekoak dira, EAJ, EHBildu, Elkarrekin Podemos eta Podemos Nafarroako ordezkariak. Baita ELA, LAB, UGT, CCOO, STEILAS, ESK, ETXALDE, HIRU, CGT, CNT, EHNE sindikatuak, Arartekoaren bulegoko ordezkaritza bat, "eta giza eskubideen defentsaren eremuan lan egiten duten elkarteetako ordezkaritza zabala ere". Kataluniako eta Galizako eragileok ere bat begin dute deialdiarekin; ERC, JUNTS, CUP, ANC, OMNIUM, CONSELL PER LA REPUBLICA, eta Galiziatik, BNG.