Koronabirusa

Eskola Kiroleko lehiaketak bertan behera eta aldaketa gehiago ikastetxeetan

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 7a, 06:49

Neguko oporren osteko itzulera mugitua izango dela aurreikusi daiteke. Astelehenetik aurrera, hainbat aldaketa iragarri dituzte hezkuntza alorreko agintariek ikastetxeetan.

Hiru egun baino ez ikastetxe gehienetan oporren osteko itzulerarako eta aldaketa gehiago txertatzen doaz.

Eskola Kirola
Ostiral honetan ezagutzera eman dutenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Eskola Kirolari eustea erabaki dute, baina entrenamenduei soilik, lehiaketak bertan behera utzi dituzte, datorren astelehenetik, urtarrilaren 10etik hilabete amaiera arte, hilaren 28ra arte gutxienez. 

Berrogeialdiak
Espainiako Osasun Ministerioak erkidego autonomoetako teknikariekin egindako bileran konfinamenduan noiz egin aholkatu dute: 5 ikasle edo gehiago koronabirusaz kutsatu badira zazpi eguneko tartean edo denbora tarte berean ikasleen %20 edo gehiago kutsatu bada. Muga hauek gainditzen badira, zazpi eguneko berrogeialdia egin beharko dute bi txerto dosiak jaso ez dituztenek.

Musukoa
Musukoa nahitaez erabiltzea erabaki dute egunotan, bai ikasgela barruan baita jolastokietan ere, 6 urtetik gorako ikasleen artean. Bestalde, burbuila-taldeen itzulera iragarri dute. Ikasgela bakoitza burbuila bat izango da berriz, bestela esanda, Bizikidetza Egonkorreko Taldea.