Koronabirusa

Asteburu gauetako autobus zerbitzua berrezarri dute, baina 2:00ak arte

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 7a, 08:09

Eusko Jaurlaritzak indarrean duen dekretuak goizaldeko 2:00ak arte baimentzen ditu garraio zerbitzu publikoen joan-etorriak.

Aldaketa etengabean bizi gara pandemia honetan, zerbitzuen egokitzapen amaigabean. Dakizuenez egun, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 28an onartu eta biharamunaz geroztik indarrean den dekretuaren eraginpean gara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta honenbestez, baita Usurbilen ere. Besteak beste, goizaldeko 1:00erako finkatua dago denetariko jardueren amaiera ordua, gutxienez datorren urtarrilaren 28ra arte. Hala dio Eusko Jaurlaritzaren dekretuak, "2022ko urtarrilaren 28ra arte, beranduenera 01:00ean itxiko dira merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak, bai eta ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta antzekoak ere. Beren jarduerarako arauz ezarritakoaren arabera lehenago itxi behar duten establezimenduak eta tokiak dagokien araudian ezarritako orduan itxiko dira".

Beranduenez beraz jardueren amaiera edo itxiera ordua goizaldeko 1:00etan dago finkatua eta ordubete beranduagorako, "lurralde historikoak baino eremu txikiagoko garraio publikoei abiatzeko azken ordua". Alegia, beranduenez goizaldeko 2:00etan izango dira azkeneko garraio zerbitzu publikoak. Usurbili dagokionez, Lurraldebusi eragiten dio erabaki honek. Aurreko asteburuetan, gauetako zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. 

Aldiz, asteburu honetatik aurrera zerbitzuok berreskuratuko zituela iragarri zuen, goizaldeko 2:00ak arte. "Urtarrilaren 7tik aurrera eta gainerako asteburuetan zerbitzuak ostalaritza ixteko ezarritakoa baino ordubete gehiago mantenduko dira. Azken ibilbidea 2:00etan izango da", ohartarazi dute Foru Aldunditik.
Honenbestez, eguneko autobus eta tren zerbitzuetan ez da aldaketarik izango datozen asteotan, gaueko zerbitzuan soilik.

Hemen ostiral honetatik (urtarrilak 7) hasita, asteburu gauetan berreskuratuko diren autobus zerbitzuen ordutegiak:
Ostiralak
-Usurbildik Donostiara: 23:35.
-Usurbildik Oriora: 23:40, 00:25, 01:25.

Larunbatak
-Usurbildik Donostiara: 23:35, 00:35, 01:35, 02:35.
-Usurbildik Oriora: 23:55, 00:25, 01:25, 02:25.

Informazio gehiagorako:
euskotren.eus/944 333 333
lurraldebus.eus/900 300 340