Usurbildarrak ere urrats gehiago emateko prest direla adierazi dute Sareren mobilizazioan

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 8a, 19:09

"Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean" pausoak ematen jarraitzearen alde Sarek larunbat arratsalde honetan Usurbilgo Kaxkoan barrena deitu duen manifestazioak herritarren babesa jaso du.

Osasun krisialdiagatik Bilbon ezin egin euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko manifestazio nazionala eta Sarek mobilizazioak herri eta hiriburuetara lekuz aldatzea erabaki du Hego Euskal Herrian. Hala, larunbat arratsalde honetan, 17:00etan izatez Bizkaiko hiriburuko La Casillatik abiatzekoa zen manifestazioaren unean, ehunka mobilizazio egin dira udalerrietan,  baita Usurbilen ere. Arratsaldeko ordu horretan abiatu da Mikel Laboa plazatik Kaxkoari itzulia eman dion manifestazioa, "Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean" lelopean. Unai Muñoaren bertsoekin hasi eta Maddi Zuloaga eta Elene Alustiza musikariek eman diote amaiera.

Usurbildarren babesa jaso duen mobilizazioan, euskal presoak etxeratzeko aldarriak entzun dira bidean zehar. Urratsez urrats, hori adierazi baitute usurbildarrek ere; pausoak emateko konpromisoa, elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean.

Azken ostirala
Gaurko manifestazioaren ostean, Sareren hurrengo mobilizazioa urtarrileko azken ostiralean, hilaren 28an, ohi bezala, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.