Hilabete eta erdian hirugarrenez Oriak gainezka egin du, uholde txikiagoak oraingoan

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 10a, 11:54

Uholde txikiagoak baina hirugarrenez hilabete eta erdian, azken orduotan izan ditugun euri-jasen eraginez. Abisu horian izan gara "prezipitazio iraunkorragatik" asteburuan.

Hilabete eta erdian hirugarrenez Oriara begira esnatu gara aste hasiera honetan. Berriz ere neurriz kanpoko euri-jasak, eta beste behin erriora begira. Oraingoan halere uholde txikiagoak eragin ditu. Ohiko lekuetan sartu du muturra Oriak hasi Zubietatik eta Aginagaraino. Zubietan Aliri zubiaren inguruko bide zatia urpean geratu da. Atallu nahiz Aginaga inguruko erriberetan ere muturra sartu du Oriak.

Abisu horian izan gara astelehen eguerdira arte larunbat gauerdiaz geroztik, "prezipitazio iraunkorragatik". Eta bai, gogotik bota du eta Oriak nabaritu du baita. Ikusi bestela, Euskalmet meteorologia agentziak plazaraturiko ondoko grafikoa. Lasarten duen estazioko datuak ageri dira bertan. Marra berdeak Oria nola hazi den adierazten du. Igande arratsaldeko 15:00ak aldera maila horia gainditu zuen, maila laranja bart gaueko 22:00ak aldera eta gorrira heltzear izan da goizaldeko 6:00etan, baina beheranzko bideari ekin dio geroztik. Eguerdiko 12:00ak pasatxoan maila laranjaren azpitik zen jada.



Hirugarrenez
Irudi ikusgarriak baina nabarmentzekoa, halako argazkiak biltzen ditugun hirugarren aldia dela hilabete eta erdiko tartean. Lehenengo euri-jasak azaroa amaieran izan genituen. Azken orduotan izan dugun egoeraren tankerako itxura zuten orduko euriteek. Uholde txikiak baino ez zituzten eragin.

Uholde handiagoak eragin zituen handik bi astera izandako euri-jasek. Orduko hartan bai Oria erriberetan barrurago sartu zen, eta etxe atariren bat edo beste ere harrapatu zuten urek.

Aipatu moduan, gaurkoarekin udazken eta negu hasiera honetan, hilabete eta erdiko tartean halako irudiak jaso ahal izan ditugun hirugarren aldia da jada.