Koronabirusa

Ikasgelak zabalik berriz, protokoloan aldaketekin

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 10a, 09:56

Ezin esan erabateko "normaltasunera" itzuli direnik ikasleak, negu hasierako oporraldia amaitu zaien astelehen honetan. Baina aurrez aurreko klaseetara bueltatu ahal izan dute. Hori bai, protokoloan zenbait aldaketa txertatuta.

Amaitu zaizkie oporrak askori, tartean ikasleei. Ikasgelak zabalik gaurtik berriz, baina ezin esan ohiko normaltasuna nagusitzen ari denik, gainditu ezinik jarraitzen dugun osasun krisialdiagatik. Ikasgeletara itzuli dira ikasleak, baina zenbait aldaketekin protokoloetan. Dakizuenez aurrez aurreko itzuleraren aldeko apustua egin dute erakundeek; esan bezala moldaketekin ordea.

Eskola Kirola
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Eskola Kirolari eustea erabaki dute, baina entrenamenduei soilik, lehiaketak bertan behera utzi dituzte, astelehen honetatik, urtarrilaren 10etik hilabete amaiera arte, hilaren 28ra arte gutxienez. 

Berrogeialdiak
Espainiako Osasun Ministerioak erkidego autonomoetako teknikariekin egindako bileran konfinamenduan noiz egin aholkatu dute: 5 ikasle edo gehiago koronabirusaz kutsatu badira zazpi eguneko tartean edo denbora tarte berean ikasleen %20 edo gehiago kutsatu bada. Muga hauek gainditzen badira, zazpi eguneko berrogeialdia egin beharko dute bi txerto dosiak jaso ez dituztenek.

Musukoa
Musukoa nahitaez erabiltzea erabaki dute, bai ikasgela barruan baita jolastokietan ere, 6 urtetik gorako ikasleen artean. Bestalde, burbuila-taldeen itzulera iragarri dute. Ikasgela bakoitza burbuila bat izango da berriz, bestela esanda, Bizikidetza Egonkorreko Taldea.