"Gure herrian elkartasuna badela ikusi dugu"

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 11a, 09:13

Poza eta esker ona helarazi du Nafartarrak taldeak udazkenean zehar Zuberoako ikastolak eta euskara laguntzeko bideratu duen otarren kanpainaren  balorazioa egiterakoan. Balantze gozoa plazaratu dute.

“Gustura geratu dira Sohuta eta Basaburuko ikastoletako gurasoak aurtengo kanpainarekin, eta baita saski hauek osatzen diharduten ekoizleak ere”. Aurreko edizioko emaitzak hobetu dituzte eta zenbakiokin, “gure herrian elkartasuna badela ikusi dugu”. Eskerrak helarazi nahi dizkiete, “saski hauek erosi dituzuenoi, banaketan laguntzen ibili zaretenoi eta gainontzeko bidelagun guztiei”.

Datorren urterako hitzartu gaituzte. “Espero dugu hurrengo kanpainan ere elkar ikustea! Eskerrik asko Usurbil”. Segidan duzue Nafartarrak taldetik NOAUA!ra heralazi duten balorazio idatzia.

"Milesker Usurbilgo jende guztiari"
Gogoan izan, abenduaren 19ko San Tomas Azokaren amaieran berri eman zuten Nafartarrak taldeko kideek eta baita gure artera bisitan etorritako Xiberoko ikastolen aldeko kanpaina handik bertatik koordinatzen duen Ekaitz Masustak ere, 11.000 eurotik gorako laguntza bildu zela Usurbilen eta inguruko herrietan. "Milesker Usurbilgo jende guztiari", adierazi zien herritarrei. Baita "orohar Euskal Herri osoko jendeari", gaineratu zuen. Euskal Herri osora hedatzen den kanpaina honek marka berri bat hautsi baitu aurtengoan; "2.300 saski saldu ditugu Euskal Herri osoan zehar, sekula baino gehiago. Beraz eskertzekoa da halako emaitza izatea". Eskertzekoa eta ezinbestekoa, Masustaren esanetan, Xiberoko ikastolentzat. Hurrengo urtera arte agurtu zituen usurbildarrak. "Datorren urtean berriz hor egongo gara, milesker zuei!".

Emaitza onekin jarraitzen dugu
Gustura geratu dira Shouta eta Basaburuko ikastoletako gurasoak aurtengo kanpainarekin, eta baita saski hauek osatzen diharduten ekoiozleak ere. Iazko kanpainako emaitzak hobetu ditugu, 2300 saski baino gehiago euskal Herri zabalean banatuz. Gure herrian ere, emaitza onak izan ditugu, guztira 224 saski banatu ditugu eta honela, 11.240 euro lortu dira Zuberoako ikastolentzat. Datu hauek ikusita, gure herrian elkartasuna badela ikusi dugu. Amaitzeko, saski hauek erosi dituzuenoi, banaketan laguntzen ibili zaretenoi eta gainontzeko bidelagun guztiei eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Espero dugu hurrengo kanpainan ere elkar ikustea! Eskerrik asko Usurbil.

Nafartarrak