Kulturgileen bilgunea eraikitzen segitzeko bigarren lan saioa iragarri dute

Iazko aurkezpen ekitaldiko eragileen talde argazkia.

Bigarren lan saio hau larunbaterako, urtarrilaren 15erako deitu dute, 10:00-13:00 artean Potxoenean.

Usurbilgo kulturgileen elkargunea eraikitzen hasteko prozesua martxan da iragan urte amaieratik. Bigarren lan saioa deitu dute larunbaterako, urtarrilak 15, 10:00-13:00 artean Potxoenean. Herri honek duen altxorrari, bizitzari alegia “zukua ateratzeko” beharretik abiatu zuten dinamika hau azaroa amaieran, lau helburuon bueltan: sorkuntza bultzatzea,  sortzaileei plazak eskaintzea, sorkuntza horien komunikazioa eta transmisioa.

“Ahalik eta parte hartze zabalena” izatea nahi dute, bertan hausnartu eta finkatuko dira eta, “etorkizuneko helburu, funtzionamendu eta jardun guztiak”. Guztia, “Usurbilgo etorkizuneko kulturgileen elkargunea eraikitzeko bidean”. Azaroko lehen saioan, euskarak kulturan eta kulturak euskaran duen garrantziaz hausnartu zuten talde txikietan. Prozesuari segida emango diote, larunbaterako Potxoenean deitu duten bigarren lan saioarekin.

Azterlan bat abiapuntu
Zein da Usurbilgo kulturaren egoera? Zer iritzi dute eragile eta sortzaileek? Ikuspegi komunitarioa bada edo nor bere kasa aritzen da ekimenak antolatzen? Galdera hauen bueltan azterketa bat burutu zuten iaz, urte amaieran, herriko kulturgintzan (antzerkigintzan, bertsolaritzan, argazkigintzan, musikan nahiz dantzan) murgilduak dauden bost lagunek. Azterlan hartatik sortu da abian den prozesua.

Lanketa honetarako lehenbizi, “2018ko kultur agenda osoa aztertu” zuten. Azaroaren 13ko aurkezpenean azaldu zutenez gainera, galdetegi bat igorri zitzaien kulturgintzan diharduten 26 herri eragileei nahiz 18 norbanakoei.

“Galdera asko eta hausnarketa dezente” utzi dituela aipatzen dute sustatzaileek. Ondorio nagusi bat nabarmentzekotan, “Usurbilen altxorrari zukua ateratzeko beharra dagoela”. Altxorra aipatzen dutenean, herri honek duen bizitzaz ari dira. Herri bizia baita Usurbilgo azterlanak argi erakutsi duenez. “Ikusi besterik ez dago zenbat programatzen den herri mailan”.

Jardun aberats askoa da bai antolatzaile zein sortzaileena. “Kultur adierazpen gehienetan baditugu erreferentziazko gazte zein heldu sortzaile buru-belarri lanean”. Azterlanean argi islatu da errealitate hau, baita “gehiengok diagnosi” bera partekatzen dutela. Antzeko gabeziak sumatzen dituzte; batetik, “kultur eragile gehienak egoera nahiko prekarioan direla ikusi genuen”. Talde edota elkarte gehienek “etxeetan edo lokal pribatuetan” bideratzen dute euren jarduna. Horrez gain, “izaera juridiko aldetik ere arazoak ikusi dira”.

Komunikazio falta ere sumatu dute. “Gehienek haien sare sozial propioak erabiltzen dituzte” edota NOAUA!. Bakoitzak bere bidetik antolatzen ditu ekimenak herrian. Aurkezpenean bertan nabarmentzen zuten, egun horixe, azaroaren 13a horren adibide egokia zela aipatzen zuten. Egunean zehar, zazpi bat ekintza desberdin antolatuak zeuden herrian. “Sekulako jarduna dugu baina koordinatzeko komunikazioa falta zaigu, elkarrekin lanean aritzeko dena delako proiektuetan”. Komunikazioarekin batera beraz, elkarlan gabezia ere sumatu dute galdetegian parte hartu duten eragile eta norbanakoek. “Ekimen puntualetarako izan ezik, elkarlan oso gutxi egiten da”, zioten.

Eta elkarlana lagungarria izan daitekeela irizten diote, partekatzen dituzten gabeziei aurre egiteko. “Giza baliabideei, espazioari nahiz ekonomiari lotutako arazoak elkarrekin lan eginda gainditu daitezkeela uste dugu”. Azterlanaren aurkezpenean ziotenez, “kontua da nola egin, eta horretara gatoz”.

Eta horretarako abiatu dute aipatu prozesua. Euskal kultura hauspotzen diharduen “Dijitalidadea” proiektuko kideek dinamizatuko dute. “Marko teoriko bat osatua dute” aurkezpenean ziotenez. Lanketa lau fasetan banatzen dute, lau helburuon bueltan: sorkuntza bultzatzea, sortzaileei plazak eskaintzea, sorkuntza horien komunikazioa eta transmisioa.  “Ahalik eta parte hartze zabalena” izatea nahi dute, bertan hausnartu eta finkatuko dira eta, “etorkizuneko helburu, funtzionamendu eta jardun guztiak”. Guztia, “Usurbilgo etorkizuneko kulturgileen elkargunea eraikitzeko bidean”.