Sagardotegien denboraldi berria

"Bezeroek eman diguten indar horrekin 2022a baikor hasiko dugu"

Baikor agertu da Euskal Sagardoaren bueltan lanean diharduen sektorea, abiatzear den sagardotegien denboraldi berriaren atarian.

Iaz prebentzio neurri zorrotzen artean bideratu behar izan zuten, denboraldi betean itxialdiei aurre egin beharrean ere aurkitu ziren. 2022ko sagardotegien denboraldia ere osasun krisialdiaren eraginpean dator, baina "oraingo honetan baikor gatoz" adierazi dute Euskal Sagardoaren jatorri deituraren bueltan lanean dabilen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektoreak. Baikor datoz, "2021ean aurkeztu genuen sagardotegi denboraldian genituen mugak ikusita bezeroak ondo erantzun duelako. Bezeroa sagardotegietan ibili da. Neurriak aldatu eta protokoloak egokitu baditugu ere, bezeroak beti erantzun du. Bezeroek eman diguten indar horrekin 2022a baikor hasiko dugu".

Eta gogotsu. "Ezohiko egoera bati aurre egiteko erronka eta konpromisoa hartu du sektoreak, lanerako protokolo zehatzak garatu eta sagardo berria eta sagardotegien esperientzia bezeroei modu erakargarri batean dastatzera emateko". 

Dastaketa eserita
Oraindik zenbait muga ezabatzeke direla ekingo diote sagardotegien denboraldi berriari ostiraletik, hilaren 14tik aurrera. Une honetan gogoan izan, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 28an onarturiko dekretua dago indarrean, momentuz urtarrilaren 28ra arte gutxienez. Sagardotegiei sagardoaren kontsumoan eragingo dio dekretu honek. Eserita dastatu ahalko da sagardo berria, baina Euskal Sagardoaren bueltako sagardogileen sektoreak gaur goizean Donostiako San Telmon berri eman duenez, "protokoloa irekita utzi diogu sagardotegi bakoitzari". Alegia, eserita dastatu beharko da sagardoa, baina sagardotegi batzuetan pitxer edo botila gardenetan ekarriko dute mahairaino. "Beste kasu batzuetan, bezeroak altxa ahalko du betetzera".

Sagardoari buruzko informazioa eta dastatze gidatuak
Halere protagonismo osoa edari berri horri, sagardo berriari eman nahi diote. Hala, edaten ari garen sagardoari buruzko informazioa jasotzeko aukera izango dugu. "Kasu batzuetan botila edo pitxerretan izango diren QR kodeen bidez". Beste kasu batzuetan, "kupeletan bertan ikusi ahal izango da zein den sagarraren jatorria, sagastiaren informazioa", Mitxelenak argitu duenez.

Eta bada baita eskaintza gehigarririk ere. Denboraldi honetatik aurrera, "otorduen aurretik sagardotegi batzuk, geroz eta gehiago, dastatze gidatuak antolatzen hasiko dira sagardotegietan bertan". Modu honetan "azken urteetan bezeroak eskatu duen produktuetako bat" eskainiko dute. Horrez gain, bai bezero eta sagardogileen lana errazteko erreserbak online egiteko aukera izango dute euskalsagardoa.eus atarian.