Eskola Kirolarekiko hartutako azken erabakien aurrean mobilizatzeko deia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 14a, 07:20

Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen neurri murriztaileekin batera, EAE-ko hiru Foru Aldundiek Eskola Kiroleko lehaketak bertan behera uztea erabaki zuten urte hasieran, hilabete amaierara arte gutxienez. Eskola Kirolarekiko hartu diren azken erabakiei desadostasuna agertzeko elkarretaratzea deitu dute herri eragile anitzek larunbat honetarako, urtarrilak 15.

Dekretuz dekretu gabiltza osasun krisialdia hasiz geroztik. Unean uneko egoeraren arabera, neurri murriztaile batzuk edo besteak izan dira indarrean, batzuetan neurri gogorragoak arinagoak bestetan. Sarritan ordea, eremu zehatz hainbati eragin diete erabakiok bete-betean; tartean, eskolaz kanpoko ekintzei.

Adibide moduan har daiteke Eusko Jaurlaritzak abendu amaieran onartu eta egun indarrean duen dekretuaren harira, hiru foru aldundiek, Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak Eskola Kiroleko entrenamenduei eustea baina lehiaketak bertan behera uztea erabaki zuten urte hasieran, hilaren 10etik hasi eta urtarrilaren 28ra arte gutxienez. Bestalde, besteak beste, "barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsona arteko taldeetan egituratu beharko da" dio Jaurlaritzaren dekretuak.

Azken erabaki hauekiko desadostasuna agertzeko elkarretaratzea iragarri dute Usurbilgo herri eragile anitzek larunbat honetarako, urtarrilak 15, eguerdiko 12:30etan Mikel Laboa plazan. "Jaurlaritzak Eskola Kirolaren inguruan hartutako azken erabakiekiko dugun desadostasuna adierazteko, esparru honetako Usurbilgo eragile askok larunbatean burutuko den elkarteratzera gerturatzeko deia luzatzen dizuegu", luzatu dute gonbita. 

Ez da lehen aldia
Eta ez da halako erabakirik hartzen duten lehen aldia. 2020ko udaberritik hasita eskolaz kanpoko eskaintza oro bertan behera geratu ostean, udazken hasieran prebentzio neurri zorrotzen artean martxa berreskuratzen hasi eta gutxira, Jaurlaritzaren dekretuetako batek taldeko kirol jarduerak debekatu zituen; "Taldeko edozein kirol-jarduera etetea, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Debekatuta dago kirol-ekitaldietara joatea. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea jarduera fisikoa edo kirola hiri-inguruneetan egiten denean".

Iazko urte hasieran baimendu zituzten Eskola Kiroleko nahiz dantza taldeen entsegu saioak, intzidentzia maila baxuagoa zuten udalerrietan. Egun haietan, eremu horretako herri eragile ezberdinek ohar bateratua plazaratu zuten. Honela zioen: "Egoera gogorra da bizitzen ari garena zalantzarik gabe. Elkar zaintzea eta arduratsua izatea egokitzen zaigu garai honetan, baina era berean, norberaren burua zaintzea ere ezinbestekoa da. Ume eta gazte askori, kirola zein jarduera fisikoa eginez beraien burua eta gorputza osasuntsu mantentzeko eskubidea ukatu zaie azken aste luzeetan". 

Urtebete beranduago, 2022a hasi berritan Eskola Kiroleko martxa erabat berreskuratu ezinda daude.