Asteburu honetan kirol jarduera gustukoenean murgilduak egon behar zuten, baina ez. Ez da lehen aldia covid19ak guztion bizimodua hankaz gora jarri zuenetik, hainbatetan aurkitu dira egoera berean, eta gaur aski dela esateko plazaratzea erabaki dute. Haurren aurkako debeku gehiagorik ez dutela onartuko adierazteko. 2020ko martxoaz geroztik osasun krisialdiaren harira hartu izan diren erabakiek kolektibo zaurgarrienetarikoen artean kokatu dituzte gaztetxoenak. Hainbat debeku eta neurri murriztaile onartu eta pairatu beharrean aurkitu dira euren eguneroko bizimoduan. Ia bi urteren ostean, nahikoa dela, haien aurkako "debeku gehiagorik ez" dutela nahi adierazteko protesta egin dute larunbat eguerdi honetan, Mikel Laboa plazan.
Zehazkiago esanda, Eskola Kirolarekiko Eusko Jaurlaritzak azken aldian hartutako erabakien aurkako mobilizazioa izan da herri eragile anitzek deituta frontoi atzean egin dutena. Ikasleak, gurasoak, hezitzaileak nahiz hainbat herritar batu ditu hitzorduak, "jolasa osasuna da! Haurren aurkako debeku gehiagorik ez" aldarripean. Pankarta eusten, egoera honetan guztian kaltetu nagusiak direnak, gaztetxoenak.
Gogoan izan, egun, abendu amaieran onarturiko dekretua du indarrean Eusko Jaurlaritzak. Dekretu horren harira, Eskola Kiroleko entrenamenduei eustea erabaki zuten, aldiz, asteburuko lehiaketak debekatzea, urtarrilaren 28ra arte gutxienez.
Bitarte horretan, asteburuko bizimoduan, kirola taldean egin ezinik dira haurrak, aisialdi tartean hutsune nabarmena utziz. Astetartean entrenamenduak bai, baina pizgarri eta motibatzaileak diren asteburuko neurketak jokatu ezinik dira. Osasuna lehenesteaz sarritan ari garen honetan, zaintza bide horretatik urruntzen den erabakiak jasan beharrean.
Hortik larunbat eguerdi honetan Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzearen aldarria; jolasa osasuna dela gogorarazten duen mezua, eskaera argi bat erantsita; haurren aurkako debeku gehiagorik ez izateko eskaera hain zuzen. Eskola Kirolean ohi bezala, murrizketarik gabe parte hartzeko gogoa agertu dute pankarta eusten ari ziren gai honetako protagonistak; gaztetxoenak.