Adierazpena kaltetuek, protagonistek irakurri dute; haien guztien izenean Maialen Goiatxek eta Peru Larreak. Eskola Kiroleko lehiaketa debekatzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriarekin desados agertu dira herri eragile anitzek deituta Mikel Laboa plazan bildutakoek. Koherentzia eskasekoa dela adierazi dute "eta era guztietako ondorio negatiboak dakartza" ohartarazi dute.
Covid19ak gure bizimodua hankaz gora jarri zuenetik azken bi urteotan onartu diren erabaki murriztaile guztien aurrean "bikain erantzun dugula uste dugu. Kirol jarduera giro seguruan garatuz, kirolaz gozatzeko aukera izan dugu, inolako kalterik antzeman gabe".
Zalantzan jarri ezinezkoa iruditzen zaie "jolasak eta jarduera fisikoak haur eta gazteen garapenean duen garrantzia". Horregatik guztiagatik, "uste dugu Eusko Jaurlaritzak onartu behar duela neurri honek ez duela inolako onurarik osasun egoera hobetzeko, eta ondorioz, eskola kirolaren programari eusteko eskatzen diogu, inolako aldaketarik gabe".
Segidan, Eskola Kirola defendatzeko larunbat eguerdi honetako mobilizazioan deitzaileek plazaratu duten adierazpena osorik:
ESKOLA KIROLAREN ALDEKO ADIERAZPENA
Eusko Jaurlaritzak eskola kiroleko lehiaketak bertan behera uzteko aginduarekin ez gaudela ados adierazi nahi dugu. Erabaki honek, beste behin ere gazteenon kirol jardueran eragiten du, gaur egun bizi dugun egoerarekin oso koherentzia gutxikoa da, eta era guztietako ondorio negatiboak dakartza.
Pandemia guztian zehar, azken 2 urte luzeetan, alegia, protokolo zorrotzak jarraitu behar izan ditugu, burbuiletan banatuz, dutxa eta aldagelak erabili ezinik, 20-21 denboraldi osoa partidurik jolastu gabe... Eta hala ere egoera honen aurrean bikain erantzun dugula uste dugu. Kirol jarduera giro seguruan garatuz, kirolaz gozatzeko aukera izan dugu, inolako kalterik antzeman gabe.
Inork ez du zalantzan jartzen jolasak eta jarduera fisikoak haur eta gazteen garapenean duen garrantzia. Aditu asko bat datoz gure garapenean mugimendua ezinbestekoa dela ziurtatzean. Jolasa izakiaren berezko jarduera bat da, haur zein helduentzat. Hazkuntza fisikoa, emozionala, kognitiboa eta soziala ahalbideratzen ditu, osasuntsua da eta edonork har dezake parte. Oinarri oinarrian horixe da nahi duguna, jolasten jarraitu!
Horregatik guztiagatik, uste dugu Eusko Jaurlaritzak onartu behar duela neurri honek ez duela inolako onurarik osasun egoera hobetzeko, eta ondorioz, eskola kirolaren programari eusteko eskatzen diogu, inolako aldaketarik gabe.