Hasiz Hazi beka deialdiaren behin betiko ebazpena kaleratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2022ko urtarrilaren 17a

Alegazio epea igarota, Kabiene elkarlan gunean ekintzaileei proiektuak garatzea ahalbidetzen dien beka deialdi honen behin betiko ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak astelehen honetako (urtarrilak 17) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean

"Erabakia finkoa da eta amaiera eman dio administrazio bideari" dio astelehen honetako (urtarrilak 17) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Usurbilgo Udalak kaleratu duen iragarkian. "Diru-laguntzen Batzorde Orokorrak 2021eko azaroaren 10an egindako bilkuran, ebazpen-proposamena egin zuen Hasiz Hazi beka diru-laguntzen inguruan". Ebazpena azaroaren 29ko GAO-n plazaratu eta 10 eguneko alegazio epea zabaldu zuten. "Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu" eta honenbestez, behin betiko ebazpena onartu du Udalak. 

Beka deialdi honetara eskabideak aurkezteko bi epe finkatu zituen Udalak; maiatzaren 31ra artekoan deialdira ez zen inor aurkeztu; irailaren 30era arteko bigarren tartean bai, hiru guztira eta haiek lagunduko ditu diruz Udalak eta deialdi honen sustatzaile ere baden Kabiene elkarlan guneak.

Hain zuzen, "ebazpen honen xedea da Usurbilgo Udalaren diru-laguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2021 urtean, jarduera proiektu bat duen ekintzaileari, Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunearen egonaldi eta erabilera diruz ordaintzeko, beti ere berdintasun, ingurumen eta euskara arloko legeria kontuan izanik. Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izango da. Dirulaguntzaren onuradunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari".  

Udalaren ebazpen honi buruzko xehetasun gehiago hemen: urtarrilaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.