Sormenaren eta euskal kulturaren bihotzean Bidaide

Erredakzioa 2022ko urt. 23a, 15:47

Sutegin taularatu zuten atzo arratsaldean gure kulturaren ondareari erreparatu eta horretaz hausnartzeko sortutako Bidaide antzezlana. Metrokoadroka Sormen Laborategiaren sormen lanak Sutegi bete egin zuen, betiere edukiera neurriak errespetatuta. 

Sartzerako, batukada bat egin zuten Sutegiko sarreran, eta ondoren, antzezlanari heldu zieten. “Zerk mantentzen du kultura bizirik?” galdera horren erantzunaren bila aritu ziren Metrokoadrokako kideak, euskal kulturaren elementu nagusienetakoak modu erabat artistiko eta bisualean erakutsiz: erraldoiak eta buruhandiak, txalaparta, erromeriak… Amaieran, bi gonbidatu berezi izan ziren: Ugaitz Agirre idazlea eta Ixabel Agirresarobe ipuin kontalari eta aktorea. Kulturgile ezagunak ditugu biak herrian. Hainbat galdera erantzun zituzten euren sormen lanak nola sortzen dituzten eta euren kulturzaletasunari buruzkoak. 

 

Udalbiltza Partzuergoko udalek, tartean Usurbilgoak iaz euskal kultura eta sorkuntza bultzatzeko "Geuretik Sortuak" izeneko egitasmoa abiarazi zuten. Horren baitan, euskal sortzaile hainbatek antzezlan, film labur edota eleberriak landu dituzte iragan urtean zehar; tartean Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre idazleek. Horietako lan bat da Metrokoadroka Sormen Laborategiko kideek eskainitako Bidaide antzezlana.