Txirikorda, udal dirulaguntzak edota gizarte ongizateko zenbait gai hizpide, datorren udalbatzarrean

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 24a, 10:19

Urtarrilaren 27rako udalbatzarra deitu du Usurbilgo Udalak, hilero azken ostegunetan egin ohi duen moduan.

Helarazi berri du Usurbilgo Udalak, ostegunerako (urtarrilak 27) iragarri duen udalbatzarraren gai-zerrenda. Denetariko gaiak hartuko dituzte ahotan; batetik, 2023an lehen bizilagunak har ditzakeen eta Ugartondon kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, Txirikorda proiektua. Lanak iraila amaierako udalbatzarrean esleitu zituen Usurbilgo Udalak. Gai honi lotutako dekretua berresteko erabakia ahotan hartuko dute udal ordezkariek, ostegun honetako osoko bilkuran.

2019-22 arteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren gaia ere jorratuko dute udal ordezkariek. Gizarte ongizate alorreko zenbait erabaki ere hartzekoak dira. Batetik, etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Usurbilgo Udalaren arteko hitzarmena. Edota Puntapax Eguneko Zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emateko kontratu luzapena. 

Bake epailea eta ordezkoa hautatzeko deialdia ere martxan du Usurbilgo Udalak, deialdia bera urria amaierako osoko bilkuran onartu ostean. Hautaketa hau hizpide izango dute berriz osteguneko udalbatzarrean.

UDALBATZARRA
Eguna: urtarrilak 27, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2021eko abenduaren 20tik 2022ko urtarrilaren 21era (2021/1059-2022/0051).
2-2022/30 dekretua berrestea (Txirikorda).
3-Gipuzkoako Foru Aldundia eta Usurbilgo Udalaren arteko hitzarmena, etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko.
4-Adineko pertsonentzako Usurbilgo "Puntapax" Eguneko Zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emateko kontratua luzatzea.
5-Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (2019-2022): 2022ko eranskinak onartzea.
6-Bake Epailea eta honen ordezkoaren hautaketa.
7-Galdera eta eskaerak.