Koronabirusa

Ostiralean berrikusiko ditu Eusko Jaurlaritzak, egun indarrean diren neurri murriztaileak

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 26a, 18:32

Eskola Kiroleko lehiaketak baimendu ostean, gainerako neurri murriztaileekin zer egingo duen ostiralean erabakitzekoa da LABI aholku batzorde teknikoa. Gogoan izan, covid19aren hedapenari aurre egiteko egun indarrean den dekretua ostiralean bertan "iraungiko" dela.

Abenduaren 28an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak egun oraindik indarrean segitzen duen covid19ari aurre egiteko azken dekretua. Hilabeterako jarri zuten martxan, eta epe hori hain zuzen, ostiralean, urtarrilaren 28an amaituko da. Egun horretan bilduko da LABI-a egun indarrean diren neurri murriztaileekin zer egin erabakitzeko; neurriok indartu, bere horretan mantendu edota arintzeko.

Momentuz, azken orduotan hedabideen bidez zabaldu denez, urtarrilaren 10etik bertan behera utziak ziren Eskola Kiroleko lehiaketak berriz martxan jartzea baimendu du Eusko Jaurlaritzak, EAE osoko hainbat eragileek, tartean Usurbilgoek azken asteotan galdegin duten moduan. Urtarrilaren 28an, ostiralean berriz ospatzen hasi ahalko dira txapelketok.

Gainerako neurri murriztaileei dagokionean, ostiralean erabakiko dute zer egin. Gaurkoz, jarduera guztien amaiera ordua goizaldeko 1:00etarako ezarria dago, azken garraio zerbitzuena 2:00etan. Establezimendu gehienetako edukiera %60ra murriztua dago. Ostalaritza eremuetan, zutik kontsumitzea debekatua dago, elkarrengandik 1,5 metroko distantziara kokaturiko mahaietan 10 lagun bildu daitezke. Kirol instalakuntzetan, barrualdeko kirol jarduerak gehienez 10eko taldeetan egin daitezke, eta aldagelak %50ean bakarrik erabili daitezke.

Hemen momentuz urtarrilaren 28ra arte indarrean egongo den Eusko Jaurlaritzaren dekretuak diorenaren berri: 2021eko abenduaren 28ko dekretua