Azken sortze lanetik lau urtera kantu bilduma berriarekin bueltan datoz Odolaren Mintzoa taldekoak. "Hauskor" izena du, Luken Arkarazo, Jokin Irastorza, Beñat eta Joanes Txueka laukoteak plazaratzear duen egitasmoak. "Ilusio handiz aurkezten dizuegu, mimo handiz prestatu eta landu dugun proiektu berria: HAUSKOR", berri eman du talde usurbildarrak sare sozialen bidez.
"Etsipenaren Aurka" kaleratu genuenetik 4 urtera" aurkeztuko digute laster, haien laugarren lan berria. "Lan honen eraikuntza prozesuan gure barne pitzaduretan, arrakaletan igerian ibili gara. Eta hona hemen emaitza, gure barneko zein kanpoko munduko zaurgarritasunez abesten duen kantu bilduma. Hauskorrak garela onartzea ez delako ahultasunaren adierazle, bidean zutik mantentzen garelaren seinalea baizik".
Odolaren Mintzoak bi data finkatu ditu lan berri honen aurkezpenera begira. Batetik ostegun honetan, urtarrilaren 27an bideoklip berria estreinatu eta sareratuko dute; "Azkenak" abestiari lotutakoa. Eta lana bere osotasunean, otsailaren 19an aurkeztekoak dira.