Frantziako Tourra estreinakoz Euskal Herritik barrena igaroko da 2023an; 110. edizioa Euskal Herrian abiatuko da. Antolatzaileek asteazken arratsalde honetan aurkeztu dituzte Gasteizen, zenbait euskal lurralde eta Usurbil inguruak zeharkatuko dituzten hiru etapak. Hala, 2023ko Tourreko lehen etaparen 185 kilometroko ibilbideak Bizkaiko hiriburua, Bilbo izango du abiapuntua eta helmuga. Uztailaren 2ko bigarren etapak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu. 210 kilometroko ibilbideak Gipuzkoa hegoaldetik iparraldera zeharkatuko du, tartean Buruntzaldeko udalerri gehienak, Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga inguruak.
Eta biharamuneko, hau da uztailaren 3ko hirugarren etapa Amorebietan hasi eta Baionan amaituko da. Kasu honetan, Gipuzkoa mendebaldetik ekialdera zeharkatuko dute txirrindulariek, tartean Usurbil ondotik igaroko dira. Oriotik Donostiara joango dira Mendizorrotzetik Igeldo zeharkatu ostean.
Euskal Herriko Itzuliak
Euskal Herriak ere badu txirrindularien itzuli propioa, gizonezkoen zein emakumezkoen Itzulia. Zehazteke du antolakuntzak 2022ko bi hitzorduotakoren batek Usurbil zeharkatuko duen. Momentuz, datak dituzte finkatuak. Gizonezkoena apirilaren 4tik 9ra ospatuko da. Eta gizonezkoena bezala, aurten estreinakoz, UCI Women´s World Tour kategorian jokatuko da emakumezkoena ere, maiatzaren 13tik 15era Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barrena. Azken etapa Gipuzkoan amaituko da. Informazio gehiagorako: itzulia.eus
Espainiako Itzulia
Frantziako Tourra Usurbil ingurutik igaroko da bitan 2023a eta lehenago, aurtengo abuztuaren 19tik irailaren 11ra ospatuko den Espainiako Itzuliak udalerri hau zeharkatuko du. Abuztuaren 24an jokatuko den bosgarren etapak Irun eta Bilbo lotuko ditu. 187 kilometroko ibilbideko 26. kilometroa izango da udalerri hau. Donostiatik barrena helduko dira txirrindulariak. Informazio gehiagorako: lavuelta.es