Udarregi Ikastola: “Geroz eta gehiago ikastetxetik kanpora ateratzen gara”

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 27a, 11:49

2022-23 ikasturterako matrikulazio epea ixtear dute Udarregi Ikastolan. Ikastetxeko zuzendari Nerea Erauntzetamurgil duten eskaintzaz, pandemiak ekarri dien gainkargaz, nahiz bizi dugun osasun krisialdia uzten ari zaizkigun ikasgaiez mintzatu da NOAUA!rekin.

Zer du eskaintzeko Udarregi Ikastolak matrikulatzera datorrenari?
Nerea Erauntzetamurgil:
Herriarekin bat egin duen herri eskola bat eskaintzen diogu. Herriko eragile desberdinekin harremanetan gaude. Geroz eta gehiago ikastetxetik kanpora ateratzen gara , gure didaktika ikastolatik kanpo, herrian bertan ere eskaintzen dugu. Horrez gain, euskara eta euskal kulturaren transmisioan oinarritutako didaktika. 16 urterekin ikastolatik ateratzen direnean nolako ikasleak izatea nahiko genukeen zehaztua dugu. Guretzat ikasleak sortzaileak, euskaldun eleanitzak, euskaldun konprometituak, kritikoak, feministak, autonomoak, inklusiboak, naturarekin konprometituak, ekintzaileak, jokabide etikodunak eta bere burua zaintzen dutenak izan behar lukete. Horretarako baliatzen dugu gure ikasmateriala, baliabideak, metodologia.

Herriarekin zubilanean ikusi zaituztegu sarritan, are gehiago pandemia garaian.
Proiektu solidario batzuk egin ditugu. Iaz errioa garbitu zuten, baratzea lantzen da… Pandemia hasi aurretik Artzabalgo adinekoekin “Goazen kalera” ekimenean parte hartzen genuen. Haiekin paseoak eginez oso gustura aritzen ziren ikasleak, hor ere badago transmisioa.

Baso eskola eta kanpo espazioaren lanketa, beste adibideak.
Baso eskola aurten jarri dugu martxan, HH osoan eta LH 3. mailara arte. Naturak asko du guri eskaintzeko eta asko ikas daiteke. Abiadura handian bizi gara, dena teknologiari lotuta. Baso Eskolak gainerakoak ematen ez diguna orekatu eta sendatu dezake. Kanpo espazioaren lanketak bestalde, iaz auzolanean esaterako mahai eta eserleku batzuk egokitu ziren Ikastolaren eta Kiroldegiaren tarte horretan. Udalaren laguntza eskertzekoa da. Lanketa horretan jarraitu behar dugu. 

Espazio hau ez da soilik aisialdira begirakoa, ikastola barruko jardunerako ere baliatzen ari zarete.
Klaseak emateko ere bai. Eraldaketa ekarri du. Ikasleak orain arte eraikin barruan sartuta zeuden. Saio bat bukatzean eten txiki bat egin eta beste espazio batera joatea ondo datorkiela ikusten da. Aire librean bada are hobeto. Hasierako beldurrak ere gaindituz goaz; hasieran iruditzen zitzaigun agian ez genuela haien arreta mantenduko, baina ikusten da gustura aritzen direla lanean. 

Eraldakuntza betean zarete. Aldaketa sakona HH-n hasi zenuten konfiantzaren pedagogiarekin. Bide horretan sakontzen zoazte?
Konfiantzaren pedagogiarekin espazioak, materialak, lan egiteko moduak erabat aldatu ziren HHn eta LHko lehen zikloan. Baso Eskola ere horregatik eraman da horraino. LH4an ikasleak geroz eta gehiago ikasgela barruan egoten hasten dira, baina ikusten genuen horrek ere bere mugak izan eta pixkanaka beste espazio batzuk ere erabili behar genituela ikasketarako. LHren bigarren zikloan eta DBHn EKI proiektuarekin lan egiten dugu. Geroz eta gehiago, konpententziaren irakaskuntzan oinarritutako metodologia erabili eta proiektuka lan egiten dugu. LHn diziplina desberdinen arteko proiektuak egiten dituzte ebaluazio amaieran. DBHn ere arlo desberdinen arteko proiektuak gauzatzen hasi gara. Adibidez iaz egin zutena zen 3. mailan biologia, fisika-kimika eta euskarakoak, hiruren artean ebaluazio osoan proiektu bat eraman zuten aurrera. Alegia, beste etapetan ere aurrerapausoak ematen ari gara eta horretarako ere espazio egokiak behar ditugu. Pixkanaka birmoldaketa bat ari gara aurreikusten eraikin honetarako eta beste eraikinerako konfiantzaren pedagogiaren garaian espazio irekiagoak sortu ziren bezala guk ere sortzeko, ikasleak erdigunean jarrita; emozioak kudeatzeko gela bat jarrita adibidez. Zenbat eta etapetan gorago joan, eskuak lotuagoak ditugu baina baditugu arlo batzuk; baloreak, tutoretza adibidez. Horietan ikasleekin erabakitzen dira egin beharreko proiektuak. Iaz proiektu solidarioa, errioa garbitzea joatearena, edo baratza jartzearena edo aurten ere merkaturen bat edo egin nahi duten, ikasleengandik beraien nahi edo beharretatik ateratzen dira.

Espazioak zuen proiektura egokitzea azkenean.
Pandemiarekin tokatu zaigu are gehiago kalera atera beharra tokatu zaigu. Nahi bagenuen mantendu irakaskuntza presentziala, kanpora atera beharra izan dugu eta horrek herrian zenbat gauza egin daitezkeen ikusten lagundu digu.

Zuen jarduna pandemia garaira egokitu behar izan duzue. Nola ari zarete kudeatzen guztia?
Nire ustez neurri zorrotzegiak betetzen ditugu, gero kalean ikusten ez direnak eta Hezkuntza Sailak ez dizkigu baliabideak ematen horretarako. Exijitu asko egiten digu burbuilak osatzeko, musukoak janzteko… Patioan musukoekin. Ze zentzu du? Protokolo aldaketen berri atera orduko bidali behar zaigula adierazi izan diogu behin baino gehiagotan Hezkuntza Sailari, baina komunikabideen bidez jasotzen dugu lehenik. Nahasmen handia zen gabonen uarretik, orain lasaixeago gaude, baina nekatuta ere bai. Gure proiektua ere mugatu du. Konfiantzaren pedagogian zirkulazio handia eta txikia egiten dute eta hori ere une batzuetan geldituta izan dute. Eta garrantzistua da etapa horretan zirkulazio hori egitea. Irakasleek jarritako zirkulazio handian bakoitzak bere autonomia landuz bere itzulia egiten zuen. Mugak baita jolastokian. Baziren ikasle batzuk beste gela batzuekin nahastu nahi zutenak eta ezi. Ikasturte honetan ez baina aurrekoan, tenperatura hartzen genien egunero eta hori oso ekintza bortitza da. Ospakizun asko ere ezin egin behar bezala eta pena da, ikasleek asko gozatzen dute. Transmisioa ere galdu egiten da, herriarekiko harremana ere bai. Gabonen aurretik positibo batekin denei egin behar genien baheketa bat, orain ez. Badira hiruzpalau konfinamendu bizi izan dituzten ikasleak. Zenbat denbora etxean, pantailaz bestalde. Irakaslea gelan dago eta etxean dagoenak pantaila bidez jarrai dezake baina ez da gauza bera ez akademikoki, ez garapen aldetik ere. Etxean sartuta zaude besteekin interakziorik gabe, irakasleak galdetutakoan pantailaz bestalde. Konfinamendua bera ere gogorra izan daiteke, bakoitzak bere etxean eta bere baitan bere errealiatea baitu; batzuk errazago kudeatuko zuten baina batzuk sufritu ere bai. Eta gurasoek ere bai, gogorra.

Emozioena izango zen kolpatu den alorra bereziki, beharrok zenbateraino hartu diren kontuan ikusita...
Behar adina ez dira kontuan hartu haien beharrak, ezta gutxiago ere.

Eta langileonak? Osasun zerbitzuen lanak egitea egokitu zaizue, ezjakintasuna erabatekoa zenean.
Zoriontzekoa da irakasleak egiten ari diren lana. Lana bikoiztu egiten da, gelan gehi etxean daudenez arduratu behar dira. Ikasleei emozioen inguruan galdetu behar diezu, batzuk hitz egin nahi dute besteek ez. Emozioen eragina nabarmena da dudarik gabe, eta honek ekarriko duena oraindik. Diseinu talde bat dugu, duela hiru urte hasi ginen. Lehen urtean espazioak landu genituen. Iaz komunikazioa eta enpatia etxetik bueltan etorri ginenean. Etapa bakoitzean egiten dira ekimen desberdin batzuk umeeengana banaka gehiago heltzeko. LHn adibidez, hiruhilabetero hasieran eta erdialdera prestatua duten autogaldeketa bat egiten dute, ikaslea nola sentitzen den hitz egiteko. DBHn banakako bilerak egiten ditu tutoreak. Gai honi tartea eskaintzen segitzen diogu ikasturte honetan. DYArekin ere formazio batzuk egitekoak gara. Iruditzen zaigu txikitatik hasita hezi behar dugula osasunaren gaiaren inguruan. 

Krisialdi orok aukera berriak ekar ditzakete. Pandemia ere zer behar kudeatu irakasten ari zaigu? 
Lehen agian ez genituenak hainbeste lantzen orain landu beharrekoak direla konturatzen gara. Jabetzen gara baita pandemia hasieran etxeratu ginenean, segituan etorri zitzagula Hezkuntza Sailetik gutxienekoak bete behar ziren eskakizuna. Konturatzen gara askotan ze gutxieneko puskak genituen arlo bakoitzean eta horiek etorkizunean bizitzarako baliabide gisa ez dira beharrezkoak. Edukiak beharrezkoak dira baina neurri batean. Beharrezkoak egunerokotasunean bizitzari aurre egiteko estrategia horiek lantzea eta horretarako autonomia, enpatia, asertibitatea, elkar laguntza, elkarrekin bizitzen ikasten jakitea da. Txarretik ere ari gara ikasten. Osasun zerbitzuekin batera hezkuntza ze oinarrizkoa dugun agerian geratu da.