Urtarrilaren 27 honetako osoko bilkuran udazkenean abian jarritako hautaketa prozesu bati amaiera eman diote; bake epaitegiko lan taldea osatua geratu baita berriz, Bake Epailea eta bere ordezkoa hautatuta. Orain arteko epailea izango du Usurbilek, eta ordezko berria.
Hiru urterako onartua izan eta Usurbilgo Udalak indarrean duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan bestalde, orain arte dagoen laguntza eskaintzari bi lerro berri txertatzea erabaki dute ostegun honetako osoko bilkuran; kultur sormena bultzatzeko herriko sortzaileentzat bat; orain arte zeuden gizarte larrialdietarako laguntzetatik at geratu diren herritarrei zuzendurikoa, une zehatzetan premiazko beharrak asetzera bideraturiko laguntza lerroa hain zuzen.
Zerbitzuen luzapena
Gizarte ongizate alorrari lotutako beste bi erabaki ere hartu ditu udalbatzak; batetik, etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen segitzeko Usurbilgo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena berritzea batetik; eta bestalde, Puntapax Eguneko Zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emateko beste urtebeteko kontratu luzapena.
Eguneko Zentrotik hurbil, Ugartondon kokatuko da etorkizunean belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, Txirikorda proiektua. Lanak esleituak ditu Udalak. Eremuko lurra egonkortzeko obra gehigarri bat egin behar izan da eta proiektuari gainkostu bat erantsi zaio. Gainkostu hau eta Txirikorda eraikitzeko obrak beste hilabetez luzatzeko erabakia onartu dute aho batez udal ordezkariek, ostegun honetako osoko bilkuran.
BOZKETA
-2022/30 dekretua berrestea (Txirikorda).
Bozketa: aho batez onartua.
-Gipuzkoako Foru Aldundia eta Usurbilgo Udalaren arteko hitzarmena, etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko.
Bozketa: aho batez onartua.
-Adineko pertsonentzako Usurbilgo "Puntapax" Eguneko Zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emateko kontratua luzatzea.
Bozketa: aho batez onartua.
-Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (2019-2022): 2022ko eranskinak onartzea.
Bozketa: aho batez onartua.
-Bake Epailea eta honen ordezkoaren hautaketa.
Bozketa: aho batez onartua.