Joxan Artze hil zela lau urte bete berritan, "Enborretik" bere antologia poetikoa aurkeztu zuen Balea Zuria argitaletxeak duela bi aste urtarrilaren 15ean Mikel Laboa plazan, bere sorterrian. Azken 24 orduotan Gipuzkoa mailako aurkezpena egin dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan izan dira aipatu argitaletxeko kide Pello Otxoteko eta Felipe Juaristi, eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritza bat ere hitzorduan parte hartzekoa zen arren, ezin izan dute bertaratu azkenean.
Herriko poeta ibiltari, euskaltzale eta memoriaren gordailu gisa aurkeztu zuen Artze alkateak, bere herriarekiko atxikimenduaren, "herria bizi" zuen adierazle gisa, Joxanek baliatzen zuen Artzabal goitizena gogora ekarriz. "Mundu poetiko aberats eta zabala landu zuen, hainbat iturrietatik edan bai, baina batez ere zainak Usurbilen zituen". Bere mundu poetiko hori alkatearen esanetan, "osagai ezinbestekoa da gure herriaren iruditerian, pentsamenduan" edota herriko kulturan, nabarmendu zuenez. "Ondare inspiratzailea" utzi digula gaineratu zuen, iragana eta geroa uztartzen jakin zituena. "Artzek bere garaiko kanonekin apurtu zuen baina sentsibilitate handia erakutsi zuen gure erraiekin, gure sustraiekin, ondarearekin".
Solaberrietaren esanetan, "hitzak ez dira inoiz hiltzen, eta ondorioz idazleak ere ez, Artze gure zuhaitzetan dabilen txori hilezkorra baita".
Eskerrak helarazi zizkien Balea Argitaletxekoei, "gure herrikidearen ondarea transmititzen laguntzeagatik. Izan ere Artzeren mundu handia, bere unibertsoa, ezagutu, irudikatu, oroitu, sentitu, partekatu eta bizitzeko aukera ematen baitigu "Enborretik" antologiak, Artze dagoen tokian dagoela ere, gugan jarraitzeko".
"Gure iragan hurbilena ezagutzeko aukera ematen digu"
Garrantzitsutzat jotzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak antologia honen argitalpena, "poesia liburutik atera eta jendearengana gerturatzea" baitzen Artzeren nahia eta nahi horrekin bat egiten baitu egitasmo honek. Ildo horretan gogora ekarri nahi du, "70eko hamarkadan euskarazko poesia esperimentala eta abangoardiakoa sortu zuen eta euskal poesia modernoaren egileetako bat izan zen Gipuzkoako poeta enblematikoaren dokumentu fondoak hartu zituela Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiak".
Erosketa honen bidez, "euskal kulturaren ondare paregabea eskuratu dugu, bai eta aparteko dokumentu iturria ere". Eta horrek, "gure iragan hurbilena ezagutzeko aukera ematen digu, oroimena bizirik mantentzeko". Bilduma hau guztia "kontserbatu, zaindu eta ezagutzera emateko konpromisoa hartu dugu".
Alde horretatik, "Artzeren obra esperimentazio abangoardista sakoneko mezu sakon eta landu baten zerbitzura dago eta mezu horen helburua da entzuten duen jendearen eskuragarri jartzea".
"Originaltasuna Artzeri datorkio bere baitan arakatzen zuelako"
"Bere hitzak irakur ditzagun bizitzaren oparia arnasten dugunean, berau dastatuz. Gogoa argituko digu, pentsamendua zorroztu eta begirada poztasunez beteta utziko", gonbidapen hauxe helarazi nahi izan zuten pozarren agertu ziren Balea Zuria argitaletxekoek "Enborretik" antologiaren aurkezpenean.
Artzek "metafora, hitz-joko, musika eta esanahi ederrez betetako lerro ugari utzi zizkigun. Gaur egun euskalduntasunaren ondare kulturalean betirako txertaturik dauden poemak eta kantu ezagunak. Dena da ezohikoa haren lerroetan, dena da musika, dena eskaintza, dena armonia. Gai anitzak jorratu izan ditu, hala nola, herria eta gure kulturaren aitorpenari dagozkionak, naturaren oihartzunari buruzkoak, gizakia eta bere ñabardura ezberdinak eta jainkoaren presentzia. Baina edozein gaietan arituta ere, modu mistiko eta estetikoan jokatzen zituen bere lerroak".
Balea Zuriakoen esanetan, "originaltasuna Artzeri datorkio bere baitan arakatzen zuelako, arnas poetikoa bere izatearen sakon-sakonetik iristen zitzaiolako, intentsitate, zehaztasun eta originaltasun handiz. Joxanek magia egiten zuen, ez soilik hitzekin, keinuekin ere bai, batez ere keinu txikiekin".
Eskerrak helarazi zizkioten argitaletxekoek Usurbilgo Udalari, Elkar Fundazioari eskaini duten laguntza eta baliabideengatik eta bereziki Karmen Esteban Artzeren alargunari "gure esku jarri dituelako argitaratu gabeko poemak, argazkiak, bere laguntza izan eta beti gure ondoan egon delako". Eta haien bidez, Estebanen eskertza helarazi nahi izan zuten.